Sukaldari ospetsuak bildu ziren Zelaian sagardotegiko giroaz gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 18a, 01:00

IZEN haundiko sukaldariak bildu ziren astelehen gauean Martindegiko Zelaia sagardotegian, tartean Juan Mari Arzak eta Ferrán Adriá sukaldariak. Astelehenean eta atzo Dialogos de cocina izeneko kongresua izan zen Donostiako Miramar Jauregian. Astelehen egun osoan zehar, sukaldea, zaporeak, gastronomia, kultura ezberdinetan hezi izanak zaporeak somatzerakoan duen eragina, eta zentzumenekin zer ikusia duten alde ezberdinak aztertu zituzten sukaldariek, soziologo, zientifiko eta filosofo ezberdinek emandako hitzaldien bidez. Aipatutako bi sukaldari horiez gain, mundu mailan errekonozimendu haundia lortu duten sukaldariak ere bildu ziren kongresuan, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz, Pedro Subijana, Quique Dacosta, Joan Roca eta Willy Dufresne. Kongresua bukatzerakoan animatu zirenak Zelaia sagardotegian afaldu zuten. Hernaniko Kronikak Juan Mari Arzak eta Ferrán Adriárekin bi hitz egin zituen.

Sukaldariak ikasle
Ferrán Adriák azpimarratu nahi izan zuen kongresu edo topaketa honen garrantzia, «kongresua antolatu duten Eurotoques erakundea zoriondu nahi nuke; Pedro Subijana eta Andoni Luis Aduriz buru direla, sekulako lana egin dute. Alde batetik, kongresu honetan mundu mailako 20 sukaldari onenak elkartu dira eta beste 15 pertsona ere bai, filosofo eta zientifikoak, zoragarriak izan dira. Guretzat gehiago izan da entzuteko kongresu bat, gu ikastera etorri gara». Juan Mari Arzakek kongresu honetan ikasitakoak azaldu zituen: «gauza asko aztertu ditugu, burmuinaren sentsibilitatea, zaporeen zergatia, gauzen zaporea non dagoen... azken finean gauzen zergatia erakutsi digute». Ikasitakoak bere eguneroko lanean lagunduko diola ere aipatu zuen sukaldariak: «nik uste, gauza bat ulertzen duzunean, arreta gehiago jartzen duzula horretan, esaterako, zapore jakin bat zergatik pasatzen den haragira; koloreaz ere hitz egiten da, beste zentzumen bat izango balitz bezala; dakizunez, lau dira orain arte definitutakoak, garratza, gozoa, mikatza eta gazia».

Sukaldari haundiak eta sagardotegiak
Ferrán Adriárentzat, pentsatzekoa denez, astelehenekoa izan zen berarentzat denboraldiko aurreneko sagardotegia. Juan Mari Arzakek ordea badaramazki baten batzuk. Aurtengo sagardoari buruz galdetuta, Juan Mari Arzakek aipatu zuen sagardoarentzat urte zoragarria izan dela: «hala ere, sagardoa hemendik hilabete batzuetara dastatu behar da, botilan. Bestela, urte zoragarria izan da, uzta ona izan da eta bertako sagarrarekin egindako sagardoa edaten ari gara». Juan Mari Arzakek aitortu du bera Barkaiztegi sagardotegian jaioa dela, «aitak kupel bat zuen, lehen sagardotegietara joaten zen erosi beharreko sagardoa dastatzera, ez da orain bezala». Sagardotegi menuari buruzko bere iritzia ere eman zuten bi sukaldariek. Sagardotegi menuan jartzeko plateren bat proposatuko luketen galdetuta, Ferrán Adriák erantzun zuen ezetz, izatekotan, beste menu bat proposatuko lukeela baina sagardotegiko menua bere horretan utziko lukeela, «gauza onek ez dute zertan aldatu behar. Sagardotegietan oso ondo jaten da eta sukaldariek ere estimatzen dute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!