MARTXOAK 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur. Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko borrokan, egun berezia izaten da eta aldarrikapenak kalera ateratzeko aprobetxatzen da. Hernanin ere izango dira ekintzak egun honen bueltan, Udalak, Gazte Txokoak eta Berdintasun Kontseiluak antolatuta.
Gazte Txokoan, esaterako, komiki erakusketa eta marrazki lehiaketa izango dira gaur, arratsaldeko 17:30etan hasita.
Bi deialdi ere egin dituzte gaur Donostirako. Alde batetik, Donostiako Koordinadora Feministak antolatuta, manifestazioa aterako da gaur eguerdiko 13:00etan Boulevardetik, Kapitalismo matxistaren kontra, iraultza feminista lemarekin. Lilatona ere izango da gaur Donostian, emakumeentzako krossa. Goizeko 11:00etan abiatuko da lasterketa Alderdi Ederretik.
Adierazpen
instituzionala
Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala ere onartu zen otsailaren 26ko Plenoan. Adierazpenean azpimarratzen da «krisi egoerak euskal langile guztiongan eragina badu ere, kaltetuenak emakumeak izaten ari» direla. Testuinguru honetan aipatzen du «orain artean gainditzen saiatu garen gizarte eredu patriarkal eta sexistak berrindartzeko» bidea hartu duela. Udalak berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa ere hartu du, «berdintasunaren aldeko politika zainduta».