euskal Herriko txistua eta Galiziako gaita uztartzen dituen Musika CDa egin dute Miren Bihotza, Triskel taldeko gaiteroek eta Donostiako Udal Txistulari Bandako kideek elkarlanean. Ostegunean egin zuten prentsaurrekoa Chillida Leku museoan, Chillidak berak Donostiarekin eta Santiagorekin zuen harremana eta artelanen bidez musikari egindako keinuak omentzeko. Lehenengo kontzertua gaur izango da, eguerdiko 12:00etan, Donostiako udaletxeko batzar aretoan.
‘Kultur ezkontza intimoa’
Prentsaurrekoan izan ziren Gipuzkoako Galiziar Etxeko Xosé Antonio Vilaboa, Jose Ramon Varela, Luis Chillida eta bi musikari, Manu Gomez gaitajolea eta Ion Irazoki txistularia.
CDan musikaz gain, kanta pare bat daude euskaraz, eta kanta bat galegoz abestua. Bi kulturen arteko «ezkontza» egin nahi izan dute, bakoitzaren musika tresna garrantzitsu bat hartuz. Chillidak berak eskultura, musika eta arkitektura uztartu nahi zituzten lanak egin zituen Donostian eta Santiagon.