Finalez betetako asteburua

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 7a, 01:00

Hernaniko pelotariek asteburu garrantzitsua dute aurrean. Euskal Herriko txapelketako finalak jokatuko dira gaur goizeko 10:00etan hasita, kiroldegian. Aurreneko partiduan Mirari Pagola-Irati Ugalde hernaniarrek jokatuko dute Amurrioko bikotearen kontra. Gipuzkoako Trinkete txapelketako finalak ere jokatuko dira gaur 15:30etan hasita, Iruran. Eskuz binaka, jubenil mailan, Axier Zapiain eta Aritz Otaegik Oiarperen kontra jokatuko dute; 2garren mailako senior kategorian, Izadi Grajal eta Pagolak Behar Zana taldeko bikotearen kontra jokatuko dute; aurreneko mailako seniorretan, Bisintxo Bilbao eta Eñaut Esnaolak Usurbilen kontra jokatuko dute. Doneztebe Torneoko finaletan ere izango da hernaniarrik. Gaur arratsaldeko 16:30etan hasita, jubenil mailan, Ioritz Arrieta eta Eneko Aizpitartek Manterola-Arzelusen kontra jokatuko dute; senior mailan, Iñaki Esnal eta Aitor Gorrotxategik Renobales-Galarragaren kontra jokatuko dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!