Igo teloia! Antzerki Zikloa hastera doa eta

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 7a, 01:00

UDABERRIKO antzerki zikloa hasiko da datorren astean Biterin. Urtean bitan izaten da aukera herrian bertan antzerkiaz gozatzeko, udazkeneko zikloan eta udaberriko ziklo honetan. Zaletuek gustora hartzen dute eta horren seinale da antzezlanetarako sarrerak eskuratzeko izaten diren kolak. Guztira hiru antzezlan ikusteko aukera izango dira, asteartetik ostegunera: Ohean, Maldito Parne! eta Hor al zaude?.


Intimiteatea, sexua eta harremanak, asteartean
Ohean izeneko antzezlanarekin hasiko da asteartean Antzerki Zikloa. Matias Bizéren pelikulan oinarritutako antzezlana da Ohean eta sexu gau bat pasatzeko elkartu diren neska-mutil baten arteko hartu emana jartzen du taula gainean. Bi bertsio osatu dituzte, gaztelerazkoa eta euskarazkoa, eta Hernanin euskarazkoa ikusteko aukera izango da, aktore Aitor Beltran eta Matxalen de Pedro, eta Carlos Panerak zuzendu duena. Julio Rojasen gidoiaren euskarazko moldaketa Unai Elorriagak egin du, eta musika Rafa Ruedak jarri dio. Muturreko egoerak eta histeria asteazkenean Umorea izango da Antzerki Zikloko bigarren saioko protagonista, Maldito parne! antzezlanean. Ana Perez, Pilar Guerra, Mari Cruz Melgosa, Miriam Cabeza eta Osmar Vazquez dira antzerkiko aktoreak eta antzezlanaren tramak muturreko egoera batean kokatuko ditu: 2 milioi euroko diru zorroa aurkituko dute, diru beltza, izango al dute kemenik dirua ezer esan gabe hartzeko?. Egoera komikoz betetako antzezlana izango da asteazkenekoa, disimuluan pasa nahi izateak, zertan ari diren gehiago nabarmenduko baitu.


Gizon ikustezin egoskorraren kontrako borroka ostegunean
Osteguneko antzezlanean ere barre puska bat egiteko aukera izango da. Asier Hormaza eta Ainhoa Aierbek, elkarrekin bizitzen hasi berri den bikotearena egingo dute. Horretarako aukeratu duten etxea ere ez da punta-puntakoa: etxea txikia da, etxea kajaz josia dago, kalefazioa ez dabil, eta beheko bizilagunekin harremanak ere ez dira onenak. Hori gutxi balitz, konturatuko dira gizon ikustezin egoskor bat bizi dela etxean, eta bikotea bota nahiko du. Umore eta fantasiaz betetako antzezlan honen atzean maitasunari buruzko gogoeta ere ba omen dago. Antzezlana Javier Dault idazle-antzerkigileak idatzi du, eta orain arte aktore lanetan ikustera ohituta gauden Joseba Apaolazak zuzendu. Hilaren 21ean haurrentzako antzerkia Haurrentzako antzezlan bat ere izango da hilaren 21ean, Itsasminez izenekoa. Antzezlana Txotxongillo taldeak egingo du. Emanaldia goizeko 11:00etan izango da, Biterin.


Sarrerak salgai
Antzerki ziklorako sarrerak astelehenetik aurrera erosi ahal izango dira Biterin. Helduen emanaldientzako sarrerak, hau da martxoaren 10etik 12rako emanaldietarako sarrerak 5 euro balio ditu. Hilaren 21ean izango den emanaldierako haurrek, 2,5 eurotan izango dituzte sarrerak.


Martxoak 10, asteartea
OHEAN: (Maskarada konpainia) -Sinopsia: Taberna batean elkar ezagutu eta handik ordu batzuetara, gizon eta emakume batek gela hartu dute hotel merke batean, sexu gau bat elkarrekin pasatzeko. Ez dakite ezer elkarri buruz, eta egun hori pasatzerakoan ez dute berriro ere elkar ikusiko. Sexuaren ondoren, konturatu dira halako kimika bat sortu dela beren artean. Hitz egiten hasi dira, naturaltasun osoz, beren iragaren eta intimitatearen ateak zabaldu dizkiote elkarri. -Aktoreak: Matxalen de Pedro eta Aitor Beltran. Zuzendaria: Caslos Panera. Euskeraz.

Martxoak 11, asteazkena
MALDITO PARNE! (Glu glu produkzioak) -Sinopsia: Edozein ostirala da, lan ordua bukatu baino pixka bat lehenago. Ogasun bulego batean, lau garbiltzailek 2 milioi euro aurkitu dituzte. Diru beltza da erregistratu gabekoa... -Aktoreak: Ana Perez, Pilar Guerra, Mari Cruz Melgosa, Miriam Cabeza, Osmar Vasquez. Zuzendaria: Patxi Perez. Gazteleraz.

Martxoak 12, osteguna
HOR AL ZAUDE? (Kanpingags konpainia) -Sinopsia: Ana eta Fran elkarrekin jarri dira bizitzen. Etxea traketsa eta txikia da: lekua kaxaz gainezka dago, berogailua ez dabil eta bizilagunekin arazoak dituzte. Guztia gutxi balitz, gizon ikustezin baten presentzia deskubritu dute. Mamu antzeko honek umore txarra izateaz gain, bikotea bere espazioaren inbasoretzat hartzen du. -Aktoreak: Asier Hormaza eta Ainhoa Aierbe. Zuzendaria: Joseba Apaolaza. Euskeraz. Emanaldiak 20:00etan, izango dira Biterin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!