Erosleen diru sarrerak kontuan hartu nahi ditu Udalak, Txantxillan hitzartutako etxe bat erosteko

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 7a, 01:00

asteazkenean Hirigintza Batzordea bildu zen eta baldintza berri bat eranstea aztertu zen, Txantxillan hitzartutako prezioko etxebizitza bat eskuratzeko. Erantsiko den baldintza da, eskatzaileen urteko diru sarrerak 44.500 euro baino gehiago ez izatea.

Baldintza berria
Orain arte bi baldintza zeuden Udalak promotorarekin egindako hitzarmenean hitzartutako 33 etxe horietako bat eskatzeko: Hernanin izena emanda egotea eta beste etxebizitzarik ez izatea. Orain berriz, Udala baldintza berria eranstea begiratzen ari da, hain zuzen, etxe horiek eskatzen dituzten pertsonek ez jasotzea urtebetean 44.500 euro baino gehiago. Hori da Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen maximoa, bere babespean egindako etxeetarako. Asteazkeneko batzordean proposatu zen konbenioari eranskin bat jartzea horretarako. Bestalde, promotorak onartu egin zuen baldintza hori, eta batzordean adierazi zuen, dagoeneko etxebizitza eskatu dutenek baldintza betetzen dutela. Gainera, Udalak ere konpromezua hartu du, eranskina egiteko eta eransteko. Eranskina datorren asteko Hirigintza Batzordera eramango dute, eta ados egonez gero, onartu egingo dute.

Ez dira Babes Ofizialekoak
Azkenaldian asko hitz egin da etxebizitza hauei buruz. Etxebizitza hauek ez dira Babes Ofizialekoak, baizik eta kontzertatuak. Alegia, promotora bera da, eta ez Udala etxeak salduko dituena, beti ere erosleek Udalak jarritako baldintzak betetzen badituzte. Joan den asteazkeneko batzordean argi eta garbi azaldu nahi izan zuten, bai Alkateak, bai promotorako ordezkariek, azkenaldian sortu diren gaizki esanak, eta gaizki ulertuak, zuzentze aldera.

56 Babes Ofizialekoak
Txantxillan guztira 178 etxebizitza egingo dira. Horietako 56 Babes Ofizialekoak izango dira; 89 prezio librekoak, alegia, promotorak nahi duenari nahi duen prezioan saltzeko; eta 33 kontzertatuak, alegia, promotorak salduko ditu, beti ere, prezioari eta betebeharrei dagozkion baldintzak, Udalak jarritakoak, betetzen badituzte; bai promotorak, eta baita erosleek ere.

Eztabaida batzordean
Asteazkeneko batzordean hainbat alderdik orain arte egindako lanaren eta Txantxillako hitzarmenaren inguruko iritzia eman zuten. Marian Beitialarrangoitia Alkateak banan-banan entzun eta erantzun zituen alderdien ekarpenak eta azken asteetan, batez ere prentsan, ateratako kritikak. Oposizioako alderdiei leporatu zien, «bere garaian hitzarmena onartu izana, eta orain bere aurka erabili nahi izana, alderdien interesak medio». Alkateak Kronikari adierazitakoaren arabera, «arazoa hitzarmenaren sorreran dago, bere garaian, hitzarmena egin zenean, aurreko legegintzaldian, ez zirelako gauzak behar bezala egin». Are gehiago, azpimarratu zuen hasierako proiektuan ez zirela «ezta aurreikusi ere egin Babes Ofizialeko etxeak, eta orain oposizioa da gehien eskatzen duena».

Lehentasuna: Babes Ofizialeko etxeak 2004an 162 etxebizitza egiteko hitzarmena egin zuen aurreko korporazioak: 67 prezio librekoak eta 95 tasatuak, erdiak Udalak eta erdiak promotorak saltzeko. 2007an 178 etxebizitza egitea erabaki zen: 83 prezio librekoak, 33 Babes Ofizialekoak, 23 tasatuak (udalak saltzeko), eta 39 hitzartuak (promotorak saltzeko). 2008an promotorarekin negoziatu zen, 23 udal etxebizitza tasatuak kendu eta hauek ere Babes Ofizialekoak izatea, hartara 56 izateko Babes Ofizialekoak. Ondorioz, hitzartuak 33ra jaitsi ziren eta prezio librekoak 89ra igo. Alkatearen esanetan, «bere ustez, denak zozketa bidez banatu behar ziren, baina negoziaketa ez zen hutsetik abiatu, hitzarmena egina zegoelako ordurako», eta negoziaketan lehentasuna eman zioten Babes Ofizaleko ahalik eta etxe gehien egiteari.

Zuzenketa Bestalde, gaizki esanak zuzentze aldera, otsailaren 25ean, PSE-EEko J.R. Chicak Kronikara bidalitako prentsa ohar batean zihoen, «hitzarmena medio, Txantxillan babestutako etxe gutxiago izango dira», eta ez Kronikan jarri bezala, «hitzarmena medio, Txantxillan Babes Ofizialeko etxe gutxiago izango dira», ez baitira gauza bera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!