Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan ekintzak izango dira, igandean hasita

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 6a, 01:00

EMAKUMEAREN eguna izango da igandean, eta Hernanin ekitaldi ugari antolatu dituzte egun honen bueltan. Bestalde, Donostian izango diren hainbat ekintzetara joateko deia ere luzatu du Udaletxeko Berdintasun Sailak. Igandean, Donostiako Boulevardetik irtengo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute Berdintasun Kontseiluak, Udalak eta Gazte Txokoak. Manifestazioa eguerdiko 13:00etan aterako da Kapitalismo matxistaren kontra, iraultza feminista lemapean. Donostian baita ere, igandean, Lilatona emakumeentzako herri lasterketa izango da; aurten 20garren edizioa. Lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da, Alderdi Ederretik. Lasterketan parte hartuko dutenek (izena aldez aurretik eman behar zen), beroketa saioa izango dute, 10:35etan Alderdi Ederren bertan. Antolatzaileek adierazi dutenez, ondoren, dortsala eta txipak banatuko dituzte «eta oso garrantzitsua da hauek behar bezala eta arretaz jartzea». Lasterketa amaitu ondoren, txipak itzuli egin beharko dira.

Hainbat ekitaldi herrian
Herrian ere izango dira ekitaldiak egun horretan, Berdintasun Sailak eta Gazte Txokoak antolatuta. Igandean bertan, esaterako, Gazte Txokoan komiki erakusketa eta marrazki lehiaketa izango dira, eta ardatza emakumea izango da. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera izango da. Martxoaren 13an berriz, hezkidetza tailerra izango da Ane Iturbe eta Nerea Sanchizen gidaritzapean. Gazte Txokoan izango da baita ere, 17:30etatik aurrera. Azkenik, martxoaren 17an, asteartea, antzerkia izango da Biterin. Oihulari Klown taldearen eskutik, Molestias clownicas antzezlana aurkeztuko du Virgina Imazek. Antzezlanean kontatzen da Pauxa izeneko pailazo batek anbulategiko kolan bizitako esperientzia. Antzezleak ikusleak konplize bezala hartzen dituen antzelana da hau, eta umorea erabiliz, saiatzen da azaltzen estresa, ginekologoari bisita, eta abar. Biterin, arratsaldeko 19:30etan hasita.

Udalaren adierazpena
Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuten Udaletxean, Plenoan, aho batez. Aurkeztutako mozioan azpimarratzen dira krisi egoerak emakumeari sortaraziko dizkion kalteak. Bertan azpimarratzen dute, emakume eta gizonen arteko ezberdintasuna handitu egingo dela ondorengo puntuetan: emakumeek izango dituzten lan baldintzetan eta emakumeen dependentzia ekonomikoan. Testuinguru honetan, Udalak kompromezua hartu du berdintasunaren alde lanean jarraitzeko. Era berean, konpromezu bera hartzeko eskatu diete industria eta zerbitzu sektoreari, eta marko juridiko politikoan lan egiten dutenei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!