HERNANIKO Ezker Batua alderdiak Txantxillako etxebizitza kontzertatuen inguruko prentsa oharra bidali du Kronikara. Beatriz Fernandinok dio EBk Gobernu Taldearen alde egin zuela Txantxillako plana moldatzeko garaian, eta adierazten du horretarako jarri zuten baldintza izan zela «babes ofizialeko etxebizitza gehiago izatea». EBko bozeramailearen esanetan, «hala ere, okerrak zuzentze aldera, onartu beharra daukagu hitzarmena egiteko garaian pasa egin zitzaizkigula jarri beharreko baldintza batzuk» Fernandinok dioenez «ez gaude ados Txantxillako etxeak eskuratzeko baldintzekin. Horregatik, hernaniarra izatea eta beste etxerik ez izateaz gain, EBk beste bi baldintza izatea eskatuko du: eroslearen diru sarrerak kontuan izatea, eta etxebizitzak zozketa bidez ematea».