Alerta laranja dago emana haize bolada gogorrengatik eta uholde arriskuarengatik

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 5a, 01:00

Euskalmet eta SOS Deiak-ek egindako iragarpenen arabera, eguraldi petrala espero da igandera arte: euri ugari egingo du, gutxienez 24 ordutan 60 litro bota ditzake metro karratuko, haize gogorra espero da, eta elur kota 500-600 metrora jaitsiko da. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja aktibatu du, eta Hernaniko Babes Zibileko Sailak aholkuak eman ditu eguraldi txarrari aurre egiteko.


Uholde arriskuaren aurrean
Iragarpenen arabera gogotik egingo du euria datozen egunetan. Hori dela eta, Udalak honako aholkuak eman dizkie herritarrei: kotxeak eta beste edozein tresna, urak har ditzakeen lekuetatik urrundu, komunikabideetako informazioa kontuan izan, ibaiaren eboluzioa jarraitu eta beharrezkoa bada Udaltzaingoari jakinarazi (943 24 89 00); eta harrapatuta geratuz gero, udaltzaingora deitu.


Haize bizia
Haizea indartsu ibiltzea ere espero da, eta Udalak honako aholkuak luzatu ditu: leiho eta balkoietatik haizeak eraman ditzakeen gauzak erretiratu, ate eta leihoak ondo itxi, andamio eta zuhaitzetatik babestu, ez gerturatu edozein lekura haizetik babesteko, ahal bada ez atera etxetik, kotxea ez erabili, eta beharrezkoa izanez gero, kontuz gidatu.


Izozte eta elurtea
Izotza edo elurra egingo balu, honakoa gomendatu du Udalak: komunikabideetako informazioa jarraitu, arropa egokia jantzi, eta ibilgailua ez erabali; erabiliz gero, hartu kateak, pala, telefono mugikorra kargatuta, arropa egokia eta depositoa betea eraman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!