GAUR udaletxean izango den Hirigintza batzordean, Txantxillako etxebizitza kontzertatuen inguruan hitz egingo dute, eta EAko bozeramailea den Iñaki Arratibelek gai honen inguruko prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara.
Arratibelek dio onartezina dela, 2008an ANVk eta EBk onartutako akordioan, etxeak eskuratzeko baldintza bakarrak izatea «errolda aurkeztea eta beste etxebizitzarik ez izatea».
EAko bozeramailearen esanetan «akordio hori berriro ere bideratu beharra dago. Horregatik gaurko batzordean aurretik aipatutako baldintzei honako hauek gehitzea eskatuko dugu: Eusko Jaurlaritzak etxebizitza tasatuetarako ezarrita dituen gutxieneko eta gehienezko diru sarrerak kontuan izatea; eta seme alabak dituen familia dela erakustea. Baldintza hauek beteta eskaria beteko ez balitz, aukera izango lukete baita ere ezkondutako bikoteek eta legeak jasotzen dituen beste bikote ereduek».
Arratibelek dioenez «Udaletxearen betebeharra da baldintzak jartzea, eta baldintza horiek etxebizitza merezi izana erakutsi behar dute. Baldintza horiek beteko ez balira, legalki onartutako giza injustizia larrienetarikoa egiten ariko ginateke». EAko bozeramaileak azaldu duenez, batzordean aurkeztutako zerrenda atzera botatzea eskatuko du, baita etxebitzak emateko hitzarmena aldatzea ere.