D3M alderdiaren boto baliogabetuak izan dira nagusi Hernanin, 2.465 boto zenbatu baitziren atzo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, botoen %27,97, Ezker Abertzaleak jasotako datuen arabera. Hautagaien artean, EAJ-PNV alderdiak jaso ditu boto gehien, guztira 2.092, botoen %23.73. Bigarren hautagai bozkatuena, 100 botoko aldearekin, PSE-EE izan da, botoen %22,60arekin. Hirugarren hautagai bozkatuena Aralar izan da, 845 boto jasota, %9,59. PPk 512 boto jaso ditu, %5,81; EAk 326 boto jaso ditu, %3,70; EB-Bek 297 boto, %3,37; UPDk 88 boto, %1; B-LVk 43 boto, %0,49; eta PUM+Jk 23 boto, %0,26. 102 boto txuri ere zenbatu ziren, botoen %1,16. 15.249 hernaniarrek izan dute botoa emateko aukera eta parte hartzea %57,8koa izan da, 2005eko hauteskundeetan baino bajuagoa, orduan parte hartzea %64,5ekoa izan baitzen. Bestalde, Euskal Autonomi Erkidegoan parte hartzea %65ekoa izan da.
Boto baliogabetuak 2005eko
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baliogabeko 17 boto jaso ziren Hernanin, jasotako botoen %0,17. Atzo 2.494 boto jo ziren baliogabetzat, botoen % 28.30. Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak D3M eta Askatasuna alderdiei aurkeztea debekatu arren, D3Mk 2.465 boto jaso ditu Hernanin, baliogabetzat jo direnak.
Legebiltzarreko emaitzak
Emaitza orokorrei dagokienez, EAJ-PNV izan da alderdi bozkatuena. EAJ-PNVk 30 eserleku lortu ditu Legebiltzarrean, lehen EArekin batera lortu zituenak baino bat gehiago. Bigarren alderdia PSE-EE izan da eta nabarmen egin du gora, 24 eserleku lortu baititu, aurretik zituenak baino 6 gehiago. PP izan da hirugarren alderdia, eta 2 eserleku gutxiago eskuratu ditu, guztira 13. Aralarrek 3 eserleku gehiago lortu ditu, guztira 4. EAk 2 eserleku lortu ditu; EBk eta UPDk bana. Boto baliogabeak 100.924 izan dira, 2005ean baino 96.889 gehiago.