Mendiriz mendi Kantabriako mendikateak Araba eta Errioxa banatzen ditu. Hegoaldean erliebe malkartsua eta harritsua, eta iparraldean pagadi zabalez jositako paisaia azaltzeagatik bereizten da. Gailur gehienak 1.300 metro ingurukoak dira eta bertatik erraz ikusten dira, eguraldiak laguntzen duenean, Moncayo, Gorbeia, Aizkorri eta Ebro bailara. Gorbeia ondoren (1.481 m) inguru hauetan aurkitzen dira Arabako gailurrik garaienak: Lasarra (1.454 m), Palomares (1.417 m) eta Cruz del Castillo (1.432 m). Inguru hauek garrantzi historiko eta kultural haundia dute kobazulo, baseliza eta aztarna arkeologiko ugari daudelako. Lurralde honetatik hasten zen ere, antzina, Biasteri eta Bermeo batzen zituen ardoaren eta arrainaren bide komertziala. Gaur egun ibilbide horrek GR-38 ibilbidea osatzen du. Oionen hasten da eta, Arabako lurralde guztia zeharkatu ondoren, Bizkaiko kostaldean bukatzen da, Bermeon edo Lekeition, Gernikan erdibitu egiten baita. Biasterin Euskal Herriko Biotopo Aintziratsu aberatsenetariko bat aurkitzen da. Lau aintzirek osatzen dute eta bere berezitasunak direla eta, biotopo babestua izendatu zen. Kubeta endorreikoak dira, ibai edo errekekin inolako lotura hidrologikorik gabekoak. Horrek esan nahi du euri-urez eta isurketa-urez soilik elikatzen direla eta ez dutela irteerarik. Udazkena eta neguan urez betetzen dira eta udaran lehortu. Udaberrian hegazti migratzaileak ikusteko aukera paregabea izaten da hemen, aintzira hauek atsedenaldi modura hartzen baitituzte. Hegaztiak behatzeko behatoki bat badago. Erabili nahi duenak turismo bulegoan eskatu behar du giltza. Biasterin ere La Hoya-ko aztarnategi arkeologikoa dago. Herritik kilometro exkaxera aurkitzen den aztarnategi hau 1935 urtean aurkitu zen. Bertan egindako ikerketek lurralde hauetan gizakia duela 3.400 urte geroztik dabilela esaten digute. Brontze Garaian gaur egungo aztarnategia osatzen zuen herria zentro komertzial garrantzitsu bat izan zen. Hemendik gertu daude Ysios Upeltegiak ere. Santiago Calatrava arkitekto famatuak diseinatutako eraikin modernoak osatzen du upeltegia. Bitxia benetan.
Ibilbidearen deskribapena
Lagranetik (885 m), kanposantura doan pista hartuko dugu. Hemendik Ikazkinen bidea izenarekin ezagutzen den ibilbidea hasten da. Gari-soro artean ibili ondoren, berehala sartzen gara harizti batean. Basoan, bide hau, antzina, ikatza, karea eta beste hainbat gauza Errioxatik kostaldera garraiatzeko erabili zela argitzen duen panel informatiboa aurkituko dugu. Bide guztian marka zuri-gorriak daude eta ez dago galtzeko inolako arriskurik.
Aurrerago, 1.000 metroko altuera inguruan gaudela, ikaztegiak nola eraikitzen ziren azaltzen duen panela aurkituko dugu. Bidean, aurrerago, Goikozabala iturrira joateko bidea adierazten duen seinalea aurkitzen da.
Marka zuri-gorriak jarraituz, bidegurutze bat aurkituko dugu. Zuzen jarraitu behar da eta berehala iristen da Puerto del Toro lepora. Lepo honek Lasarra eta Cruz del Castillo mendiak banatzen ditu. Lepotik irteten den bidea jarraituz, harkaitzen artean, gailurrera iristen da. Gailurrean gurutze haundi bat dago eta bertatik bista ikusgarriak ikusteko aukera dago. Hemendik ere Larrasa eta Palomares artean dagoen kresterio zorrotz eta malkartsua bere osotasunean ikusten da.
Laguardiara jaisteko berriz, Puerto del Toro lepora bueltatu behar da. Aldapak gogor jotzen du behera. Aldapa malkartsua jaitsiz berehala gara Kantabria mendikateko oinetan. Inguruko soro eta mahastien artean Biasterira hurbiltzen joango gara. Herrira iritsi baino lehenago La Hoya aztarnategi albotik pasatzen gara. Ibilbidea Biasteriko herrian amaitzen da. Herriko alde zaharra, benetan, oso polita da. Bisitak merezi du.
l Denbora: 4-5 ordu.
l Desnibela: 600 metro.
l Gailurraren altuera: Cruz del Castillo (1.432); Lasarra (1.454 m.) egiteko aukera ere badago.
l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
l Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
l Mendiriz Mendik martxoaren 14an egingo du irteera hau.