Errugbian 14 urterekin hasi zinen. Hasiera hartan zein izan ziren zure jokalari erreferenteak?
Zeini erreparatzen zenien eta
zergatik?
Egia esan behar badut, hasieran ez nuen ideia handirik errugbiari buruz. Ikastolan lagun pare bat neuzkan Hernaniko taldean, besterik ez. Errugbian jokatzera bultzatu ninduena orduan, neukan bizilagun bat izan zen, Jexux Amatriain.
Debut horretatik 10 urte baino gehiago pasa dira. Orain izango dituzu erreferente batzuk…
Kanpoko errugbia ez dut asko jarraitzen. Errugbiaren munduan gehien erakartzen nauena eta jokatzen jarraitzeko gogoa ematen didana zera da: kirol honek inguratzen duen guztia, jendeak daukan dedikazioa, arerio eta taldekideekin egiten diren harremanak eta abar.
Entrenatzaileetara pasako gara. Zein edo zeintzuk
azpimarratuko zenituzke?
Uste dut entrenatzaile bakoitzarekin ikasten dela zerbait. Baina azpimarratzekotan, alde batetik, Joxe, Jon Iraola eta Patxi Venzala aipatuko nituzke, eduki ditudan lehenengo entrenatzaileak izan direlako. Horietaz aparte, esan beharra daukat, azken urteetan oso hiru entrenatzaile on izan ditudala: Lewis Williams, Regis Sonnes eta Ged Glynn.
18 urterekin, oraindik jubenila zinela, Valladolidera joan zinen. Zein izan ziren erabaki hori
hartzera bultzatu zintuzten
arrazoiak?
Ikasketen kontua izan zen nire arrazoi nagusia. Nik nahi nuena ikasteko kanpora joan behar nuen derrigorrez. Gertueneko aukera Gasteizek eskaintzen zidan, baina ez neukan han errugbian entrenatzeko aukera onik. Gainera, betidanik alper xamarra izan naizenez, entrenatzerako orduan, ez nuen garbi ikusten han entrenatu eta asteburuetan Hernanin jolasteko aukera. Orduan, Valladolid-eko El Salvadorren (Espainiako Ohorezko Mailako taldea) eskaintza iritsi zitzaidan, eta hara joan nintzen ikastera eta errugbian jokatzera.
Erabakia ona izan zela
iruditzen zaizu?
Errugbiaren edo kirolaren ikuspuntutik begiratuta bai. Talde `puntero` batean egoteak ate asko ireki dizkit. Eta bestaldetik, bizitzari aurre egiteko ere ondo etorri zait, amaren magaletik ateratzea beti zaila izaten da eta.
Azken bi ligak El Salvadorrekin irabazi ondoren eta titularitatea eskuratuta, denboraldi honetan Madrilera joan zara. Zergatik? Aurrerapauso bat bezala
kontsideratu daiteke?
Sei urte pasa nituen Valladoliden, eta aldatzeko gogoa nuen. El Salvadorren gustura nengoen eta lagun pila bat eginda nituen gainera. Baina beste leku bat ezagutzeko gogoa nuen.
Zer eskaintzen dizu C.R.C. Madrid-ek Valladoliden ez
zeneukana?
Desafio berri bat. Talde polit bat osatu dute. Jokalari gazte ugari arituko dira, errugbiaz aparte ondo pasatzeko gogoa dutenak.
Madrildarrenaz aparte beste eskaintzarik izan zenuen?
Baten bat izan nuen, baina C.R.C. Madrid-ekin tratua azkar itxi genuen eta Valladolideko egunkarietan publikatu zuten. Orduaz geroztik, ez zidaten gehiago deitu.
El Salvadorreko ekipoan betetzen zenuen rola edo papera eta C.R.C. Madrid-en betetzen duzuna berdinak dira? Zure lana zertan aldatu da?
Gutxi gora-behera paper berdina daukat. Pilier bati gehien eskatzen zaiona meleetan sendo egotea da. Horrez gain, nire ustez, Madrid-en jokoan sartzeko aukera handiagoak dauzkat. Agian, El Salvadorren jokalari bakoitzak norberaren betebeharra egitera finkatu behar izaten genuen. Madrid-eko jokoa, aldiz, bat-batekoagoa da.
Esan ohi da pilierren postua ondoen betetzen dutenak
beteranoak direla. Zu oso
gazterik hasi zinen. Ez zitzaizun hasiera zaila egin? Urteak
aurrera joan ahala erosoago
sentitzen al zara?
Egia da jubeniletatik senior mailara pasatzeko saltoa oso handia dela, eta pilier batentzako are eta gehiago. Bi urte pasa behar izan nituen mailara moldatzeko; lehenengo urtean seniorrekin entrenatzen nuen, baina partidu bakar bat jokatu nuen. Bigarren urtean partidu guztietara joan nintzen, baina azkeneko minutuak besterik ez nituen jokatzen. Partiduak jokatuz ikasten da.
Zure anaiak eta lagun batzuk Hernaniko errugbi taldean
jokatzen dute. Pentsatzen dut beraien emaitzak jarraituko
dituzula.
Bai, astero anaia edo amaren bitartez Hernaniren berri daukat. Urte ona egiten ari direla uste dut. Nahiz eta, azken aldian zelaiarekin eta lesioekin arazoak izan dituzten, partidu bakoitza aurrera ateratzeko gai direla erakutsi dute. Nire ustez, herriko gazteekin egiten duten lan onarengatik bakarrik merezi dute beraien instalazioetan arreta pixka bat jartzea, bai uholdeengatik eta bai argiaren arazoarengatik.
C.R.C. Madrid-ekin Ohorezko Mailako Ligako lider zoazte. Nola ikusten duzu liga bukaera?
Urte hasiera oso ona izan genuen, baina azkeneko bi partiduetan ez gara oso fin aritu. Badirudi El Salvadorren aurkako partiduan, Valladoliden, erabakiko dela liga. Guk beraiek baino puntu batzuk gehiago dauzkagu sailkapenean, baina bion arteko partidua beraien etxean jokatzen denez, buelta ematea lortu dezakete. Hala ere, nire ustez edonon irabazteko gai den taldea daukagu, gauzak ondo eginez gero, noski. Azkenean, liga Madrilera eramatea espero dut.
Dirudienez, aurtengo denboraldia bukatzean, liga berri bat sortzeko asmoa dago. `Liga Super Iberica` izenez ezagutuko omen da eta Iberiar Penintsulako frankiziek parte hartuko dute; Espainiakoek (tartean Euskadikoa), portugaldarrek eta Gibraltarrekoak. Helburua da maila altuko liga bat sortzea, konpetitiboa, sponsor-ak erakartzeko eta errugbi plantilak profesionalizatzeko. Gai honetaz ere galdetu diogu Jon Insaustiri.
Azken denboratan dezente hitz egin da `Liga Super Iberica` delakoaz. Zuk zer dakizu proiektu honi buruz?
Informazio askorik ez daukat, egia esan. Uste dut asteburu honetan presentazio ofiziala izango dela eta orduan jakingo da dena. Michael Robinson buru den enpresa batek antolatu behar omen du, eta apirilean, liga bukatzean, hasiko omen da. Badirudi frankiziaka antolatuko direla ekipoak. Sei frankizia ziur daude (Katalunia, Andaluzia, Valentzia, Madril, Euskal Herria eta Gaztela eta Leon), baina oraindik Portugesak ez dakigu nola antolatuko diren eta printzipioz Gibraltarreko beste frankizia bat egongo da. Frankizia bakoitza antolatzeko ardura bertako talde batek izango du, eta Bera-bera izango da Euskal Herrikoaren arduraduna. Beraz, ez dakit Hernaniko jokalariek jokatzeko aukera izango duten.
Zer aldaketa ekarriko ditu?
Teorian dena profesionalagoa izango da, telebista sartuko da, soldatak finkatuko dira eta abar. Hasiera zaila izango da, baina beharrezkoa da aldaketa batzuk ematea, ea horrela Europako errugbiarekiko dagoen diferentzia murrizten hasten garen pixkanaka.
Parte hartzeko asmoa duzu, edo deitu dizute?
Ez daukat inongo berririk, baina C.R.C. Madrid-ek Madrileko frankiziaren ardura duenez, pentsatzen dut han jokatuko dudala.