Langabeziak gora egin du urtarrilean Hernanin, joera orokorrarekin bat eginda

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 1a, 01:00

LANGABEZIA albiste izaten ari da; krisia dela eta, langabeziak gora egin duela esaten ari dira batean, zein bestean. Hernanik ere ez dio joera horri alde egin. INEMek kaleratutako azken datuei erreperatuta, urtarrilean Hernanin 896 langabetu erregistratu dira. Iaz, garai berean, 125 langabetu gutxiago zeuden, guztira 771. Azken hilabeetetako datuei erreparatuta, langabetuen goranzko joera antzeman daiteke: abenduan 839 langabetu zeuden; eta azaroan 798.

Azken urteetan izan den langabetu kopuru haundiena
Aurtengo urtarrileko datuei erreparatuta, ikusi daiteke azken urteetan izan den lagabetu kopururik altuena dela urtarrilekoa. INEMek 2005eko maiatzaz geroko datuak jarri ditu eskura, eta orduz gero ez dago urtarrileko datu hau gainditzen duenik, ondoko grafikoan ikusi daitekeen bezala.

25-44 urte artekoek langabezia gehien
Langabetu kopururik altuena 25 eta 44 urte arteko gizon eta emakumezkoetan aurki daiteke, guztira 462 langabetu baitaude adin tarte horretan. 45 urtetik gorako emakumeen langabetu kopurua ere altua da, guztira 218.

Zerbitzuen sektorean kopururik altuena
Datuak sektoreka banatuz gero, zerbitzuen sektorean izan da langabetu gehien, guztira 567. Industriaren sektorean ere beste sektoreetan baino altuagoa izan da langabetu kopurua: guztira 190. Atzetik eraikuntzaren sektorea dago, 90 langabeturekin, eta langabetu gutxien, nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorean erregistratu da: guztira 7.

Lan kontratuak
INEMen erregistratutako lan kontratu kopuruari dagokionean, ikusi daiteke azken hilabetean Hernanin 361 lan kontratu egin direla. Kopuruak behera egin duela ikusi daiteke ordea, kopuru hori iazko datuekin konparatuta. 2009ko urtarrilean 361 lan kontratu erregistratu dira, eta 2008ko urtarrilean 726. 2007ko urtarrilean ere, aurten baino kontratu gehiago erregistratu ziren, guztira 600.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!