Hernaniko taldeak bihar debutatuko du Berria txapelketan, Usurbilen kontra

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 28a, 01:00

BERRIA Txapelketa ospetsuko final zortzirenak iritsi dira azken txanpara. Gaur eta bihar, azken bi kanporaketak jokatuko dira kiroldegiko pelotalekuan.

Hernanik bihar debutatuko du
Hernaniko pelota taldeak bihar debutatuko du txapelketan Usurbilen kontra. Hiru partidu jokatuko dituzte kiroldegian, goizeko 10:30etan hasita. Kadeteetan, Lujanbio eta Murgiondo hernaniarrek Barandiaran eta Sanchezen kontra jokatuko dute. Jubeniletan, Arrieta eta Azpitarte IIa Santxo eta Ostolazaren aurka arituko dira. Senior mailan berriz, Esnal eta Gorrotxategik Huizi eta Txapartegiren kontra neurtuko dituzte indarrak. Hernaniarrak faboritoak izango dira debutean; Usurbilgo taldeak, kadete mailan txapelketako bikoterik onenetakoa duen arren, jubenil eta senior mailan hernaniarrak faborito dira. Beraz, ustekabea izango litzateke Hernaniko taldea hurrengo fasera ez pasatzea. Gaur Markina-Irurtzun Asteburuko bigarren kanporaketa gaur jokatuko da, arratsaldeko 16:30etan hasita. Aurrez aurre izango dira Markinako eta Irurtzungo taldea, eta hauek dira txapelketan parte hartuko duten bikoteak: kadeteetan, Aranguren-Gorosabal/Idoate II-Beraza; jubeniletan, Uriona-Aretxabaleta/Ansotegi-Zabaleta; eta seniorretan, Beitia-Kastillo/Ioate-Etxeberria. Kanporaketa nahiko berdindua izango da itxuraz; jubeniletan nafarrak nagusi direla dirudien arren, beste bi kategorietako pelotariek maila beretsua dute.

Pala motzeko finalerdiak
Bestalde, pala motzean aritzen diren Irazustabarrena eta Gutierrezek finalerdietako bueltako partidua izango dute gaur Pagola eta Ugalderen kontra. Joaneko partiduan Mirari eta Iratik irabazi zuten 20-26, ordubeteko lana eta emozioaren ondoren. Bueltako partidua ere antzekoa izatea espero da, eta irabazleak finala datorren asteburuan jokatuko du kiroldegian. Partidua gaur 15:00etan hasita.

Asteburuko gainontzeko partiduak
Hauek izango dira Hernaniko pelotariek jokatuko dituzten gainontzeko partiduak: infantiletan, Arizkorreta-Lujanbio II/Euskal Giroa, Intza/Altuna-Noble, Urnieta/Perez-Hernani; jubeniletan, Urkizu-Otaegi II/Alde Zaharra, Etxenike-Erize/Aretxabaleta; eta seniorretan Ezeiza II-Zurutuza/Urnieta, eta Bilbao-Esnaola/Mundarro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!