Balantze ekonomiko ona eta giroa azpimarratu zituzten urteko batzarrean

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 27a, 01:00

GOIZ EGUZKI jubilatu etxeko urteko batzarra egin zuten asteazken arratsaldean, aretoa bazkidez beteta zela. Bazkideez gain, Goiz Eguzkiko presidentea eta junta, Marian Beitialarrangoitia Alkatea, Izaskun Txintxurreta Ongintza Patronatuko lehendakaria, eta Joxe Leon Ongintza Patronatuko gerentea ere izan ziren bertan. Goiz Eguzkin gaur egun 1.792 bazkide daude.

Diru kontuak ondo eta giro ona egoitzan
2008 urtean zehar egindako ekintzak errepasatu zituzten asteazkeneko batzarrean. Egindako ekintza guztien artean azpimarratu zituzten goizetako paseoak, kalean egiten dituzten txapelketak, baileak, eta antolatu dituzten hitzaldi eta emanaldiek izan duten arrakasta. Egoitzan bertan dauden zerbitzuak ondo funtzionatzen ari direla ere esan zuten, hala nola, ileapaindegia, taberna, sukaldea eta Interneteko gela, beste batzuen artean. Diru kontuei dagokionean, 2008an, Goiz Eguzkik 29.921 euroko diru sarrerak izan ditu eta 22.388 euroko gastua. Gastuen artean, 5.332 euro honako inbertsioetara bideratu dituzte: musika ekipoa ordaindu, dantzaldietarako bola erosi, fatxadako erlojua eta termomometroa, atril bat, arbel bat, terrazako altzariak eta komuna konpontzea.

Paco Goya presidentea
Batzarrean Goiz Eguzkiko presidentea aukeratzeko puntua ere bazegoen gai ordenean. Hautagai berririk aurkeztu ez zenez, Paco Goyak jarraituko du presidente lanetan, beste bi urtez. Presidenteak eskertu egin zuen beregan izandako konfidantza eta autoritate eta juntako kideekin izandako elkarlana. Marian Beitialarrangoitia Alkateak ere hartu zuen hitza, eta Goiz Eguzkiko kide guztiak zoriondu zituen zentro sozialak daramakien martxa onarengatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!