Urumeako uholdeek kaltetutako bizilagunek manifestazioa egingo dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 27a, 01:00

URUMEA ibaiak sortzen dituen uholdeek bizilagun asko kaltetu dituzte Hernani, Ergobia, Astigarraga, Martutene, Txomin eta Loiolan. Kalte horiei konponbidea bilatzeko asmotan, eta ibaiak duen egoerari irtenbide bat ematea eskatzeko, manifestazioa deitu dute gaur arratsaldeko 19:00etarako, Astigarragan.

«Erakunde publikoen parte hartzea»
Manifestazioaren bidez eskatu nahi dute hidrografia arloan lanean ari diren erakunde publikoek arazoan parte hartzea, «erakunde desberdinek inbertsio haundi eta berriak egiten dituzten bitartean (errepideak, trenak eta abar), Urumea ibaian bertan, bere ibilbidean eta inguruan oso aktuazio pobreak egin dituzte, eta zonalde batzuetan berriz, ez da aktuaziorik izan». Ibaiak izaten dituen uholde arazoak direla eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailak ibaiaren azkerketa bat egin zuen. Bertan, uholdeak saihesteko 18 fase edo ekintza aipatzen zituen. Hala ere, kaltetutako herrietako auzokideek adierazi dutenez «Eusko Jaurlaritzako aktuazio plana ez da bete, nahiz eta Urumea ibai ertzeko auzo elkarteek eta bizilagun askok partikularki erreklamazioak eta alegazioak jarri dituzten. Honez gain, ibaiaren mantenua eta aldizkako garbiketak ere alde batera utzi dira».

«Añarbe S.Aren erantzunkizuna»
Manifestazioa antolatu duten bizilagunek, uholdeen erantzunkizunaren zati bat Añarbe S.A Urakek ere baduela diote, eta esan dutenez «Añarberen helburua da hiritarren ur kontsumoa ziurtatzea, eta ez du eurite garaian ibaiaren ur kantitatearen erregulazioa kontuan hartzen; beraz, bere gestioa ona ez dela pentsarazten digu honek. Otsailaren erdialdean Añarbeko kapazatitatea ia %100ean zegoen, eta negu euritsua izan dela kontuan izanda, bere jarrera egokiena ez dela erakusten digu».

Hernani errugbi taldeak bat egin du manifestazioarekin
Hernani errugbi taldeak bat egin du gaurko manifestazioarekin, adierazi dutenez «Urumea ibaiaren irtenaldiek sortzen dituzten kalamidadeak eta egoera jasanezinak salatzeko». Baita ere manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete taldea osatzen duten guztiei, hauen guraso, lagun eta abarrei.

Manifestazioaren ibilbidea
Manifestazioa Lizeaga sagardotegian hasi eta errepide nagusitik poligono 27raino joango dira. Bertan 15 minutuko geldiunea egingo da. Handik Txomin-Loiola geltokiraino joango dira, eta bertan bukatuko dute ibilbidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!