Errugbi elkarteak bat egin du biharko manifestazioarekin

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 26a, 01:00

hernani, Ergobia, Astigarraga, Martutene, Txomin eta Loiolako bizilagunek manifestazioa deitu dute biharko, azken uholdeek eta aurrekoek eragindako kalteak salatzeko eta zerikusia duten erakunde eta enpresei irtenbideak eskatzeko. Hernaniko Errugbi Elkarteak bat egin du deialdiarekin.

Inbertsio txikiak
Urumean Azkeneko uholdeetan kaltetutako bizilagunek salatu dute «hidrografia arloan arduradun diren erakunde desberdinek inbertsio haundi eta berriak egiten dituzten bitartean, ibaian bertan eta inguruetan egiten diren inbertsioak oso txikiak dira». Salatzen dute bizilagunek, ezinbestekotzat jo diren inbertsioak ez direla bete, «nahiz eta erreklamazioak eta alegazioak insistenteak izan». Ibaiaren mantenua eta aldikako garbiketa ere «alde batera utzia dago». Bizilagunek adierazi dute ziur daudela, «maiz jasaten ditugun uholdeen erantzunkizuna Aguas del Añarbe SA-k duela», bere aktuazioa «inprudentea» dela esanaz.

Lizeaga sagardotegitik
Hasiera batean Astigarragako Lizeaga sagardotegian egingo da kontzentrazioa, gero errepidetik Poligono 27raino joateko; han 15 minutuko geldialdia egingo dute, eta Txomin-Loiolara joango dira gero, bertan bukatzeko protesta.

Errugbi elkartean entrenamendurik ez
Hernaniko Errugbi Elkarteak bat egin du deialdiarekin, «Urumea ibaiak sortzen dituen kalamidadeak eta egoera jasanezina salatzeko». Bihar beraz, ez da entrenamendurik izango Landaren eta elkarteak dei egin die jokalariei manifestazioan parte hartzeko. 18:00etan geratu dira, batzuk kotxez joateko eta nahi dutenak korrika joateko, taldeko arroparekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!