PLENOA izan zen ostegunean, eta besteak beste onartu zen Astigarraga eta Hernaniko hainbat kirol zerbitzu elkarlanean emateko hitzarmena. Hitzarmena aho batez onartu zen. Hitzarmen honen bidez bi herrietako kirol zerbitzuetako prezioak bateratu egingo dira; eta kirol patronatuko bazkide izanez gero, berdin erabili ahal izango dira Astigarragako eta Hernaniko kirol zerbitzuak eta ikastaroak.
Badoen ordenantza
Badoen ordenantzari hasierako onarpena eman zion osteguneko Plenoak, EAren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoekin. Ordenantza honek erregulatzen ditu, besteak beste, garaje eta bestelako lokal pribatuetan badoak jartzea, eta badoen funtzionamendua. Ordenantzari hasierako onarpena eman zaio eta orain erakusketan jarriko dute Hirigintza zerbitzuan (udaletxeko 4garren solairuan), alegazioak jarri nahi badira.
Eziagon rotonda
Bestalde, Eziago poligonorako sarreran errontonda egingo du Diputazioak, Afedeko sarreran. Errotonda egiteko Udalak lurrak uztea onartu zen Plenoan, aho batez.
Amherrekin hitzarmena
Udalak eta AMHER Hernaniko elkarte multikulturalak duten hitzarmena berritzea ere onartu zen Plenoan, aho batez. Hitzarmen honen bidez elkarteak 22.467 euro jasoko ditu bere zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko. AMHER elkarteak Transpakarren du bulegoa, eta besteak beste, etorkinei asesoramendu zerbitzua ematen die; eta lan egiten du herrian etorri berriak direnen eta bertakoen arteko integrazioa sustatzeko.
Play dantzalekua
Play dantzalekuaren erabilera aldatzea ere onartu zen. EAk aurka bozkatu zuen eta EB abstenitu egin zen. Gainerako alderdiek alde bozkatu zuten. Gaur egun, Play dantzalekua itxita dago, eta Arau Subsidiarioek diote dantzalekua besterik ezin duela izan. Osteguneko Plenoan onartu zen bestelako erabilera ere eman ahal izatea eremu horri, hala nola, hotel edo zentro komertzial erabilera.
Ereñotzun etxeak
Ereñotzun etxeak eraikitzeko hitzarmena ere onartu zen. PSE-EE abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek alde bozkatu zuten. Kontua da, hitzarmen hau lehenago ere onartu zela, baina akatsa medio berriro ere pasa da Plenotik. Hitzarmen honen bidez, 16 etxebizitza egingo dira, lau bloketan, babes ofizialeko etxebizitza berrien ondoan. Etxebizitza hauek prezio librekoak izango dira.
Martxoaren 8ko adierazpena
Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da martxoaren 8an eta horren inguruko adierazpen instituzionala onartu zen Plenoan, aho batez. Mozioan azpimarratzen da krisi egoerak, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak areagotu egingo dituela, bai lan banaketari dagokionez eta bai emakumeen dependentzia ekonomikoari dagokionez. Udalak, testuinguru honetan, konpromezua hartu du berdintasunaren alde lanean jarraitzeko. Bozketan, EA abstenitu egin zen eta PPk kontra bozkatu zuen, abortoaren inguruan mozioan egiten diren adierazpenengatik.
Erasoaren kontrako mozioa
Otsailaren 8an, Hernanin neska baten kontra izandako erasoa salatzeko mozioa ere onartu zen Plenoan, aho batez. Mozioa otsailaren 12an argitaratu zen Hernaniko Kronikan.
Zubietako makrokartzelaren kontrako mozioa
Beste mozio bat ere onartu zen Plenoan, Zubietako makrokartzelaren kontrakoa, Gobernu taldearen eta EBren aldeko botoarekin. Mozioan espetxe politika aurrerakoiago baten alde egiten da, presoen gizarteratzearen alde egiteko. Zubietako makrokartzelak halako helbururik ez duela azpimarratzen da.
D3M eta Askatasuna
alderdien jarduna eten
izana salatzeko mozioa
Bestalde, beste mozio bat ere aurkeztu zen Plenoan, D3M eta Askatasuna alderdien jarduna eten izana salatzeko. Bozketan, Gobernu taldeak alde bozkatu zuen eta EB abstenitu egin zen. Gainerako alderdiek ez zuten bozketan parte hartu. Gaia Giza Eskubide Batzordean eztabaidatuko zela adostu zuten Plenoan.