«Txantxillako hitzarmenean hutsune legal bat dago eta etxebizitzak beraiek nahi dituztenei emango dizkiete»

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 25a, 01:00

Jose Ramon Chica PSE-EE alderdiko ordezkariak Txantxillako hitzarmena kritikatu du prentsa ohar baten bidez, eta bere taldeak «udalean orain arte izan duen hitzarmenaren aurkako jarrera berretsi» nahi izan du.

Etxe gutxiago
PSE-EEko ordezkariaren esanetan, hitzarmena medio, Txantxillan «babes ofizialeko etxe gutxiago izango dira eta gainera, etxebizitzak, berak nahi duenari emango dizkio promotorak».

Ezkontza zerrenda
Baldintza zehatz eta bakarra hernaniarra izatea edo Hernanin bizitzea dela dio ordezkari sozialistak eta ondorioz «eskatzaileen zerrendak ezkontza zerrenda ematen du, izan ere, anaia-arrebak, lehengusuak, lagunak eta bestelako familiak eman dute izena». Chicak kritikatu du, pertsona guzti hauek aukera izango dutela etxe bat izateko, merkatuan ordaindu beharko luketenaren heren bat ordainduta, inongo diru sarreren azalpenik eman gabe, eta adierazi du barregarria dela, pertsona horiei, beren izenean beste etxerik ez izatea eskatzea, «horixe polita!».

Irizpide objetiborik ez
PSE-EEren ordezkariaren esanetan, bere alderdiak hasieratik esan zuen hitzarmena «etxeak irizpide zehatzik gabe emateko prestatua zegoela, eta arrazoi genuen». Bere ustez, «hutsune legal bat dago eta etxebizitzak beraiek nahi dituztenei emango dizkiete». Garai batean zozketa publikoak eskatzen zituela leporatzen dio Chicak udal gobernu taldeari, «ez zutenean gobernatu behar; orain berriz, zozketa publikoak adjudikazio zuzenengatik ordezkatu dituzte». Bere ustez, Hernani da Euskadiko herri bakarra «etxebizitzak zuzenean ematen dituena, zozketarik gabe eta diru sarreren topea frogatu gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!