Atzo bukatu ziren Inauteriak herrian, sardina ondo-ondo erreta. Suarekin azken egunetako gehiegikeria eta lizentzia guztiak erre eta garbitu ziren; batzuk pena eta beste batzuk deskantsu ederra hartu zuten.
Disgusto ederra bai
Arratsaldean abiatu zen komitiba sardinaren atzetik, Gudarien plazatik, eta kale buelta egin ondoren, Plazara itzuli eta bertan eman zioten azken agurra sardinari, su eman aurretik. Sardinak komitiba galanta zuen atzetik, beltz-beltza, mukizapiak, hauek ere beltzak, eskuetan zituztela, malkoak ezin lehorturik. Disgusto ederrarekin esan zioten adio sardina gaixoari, datorren urtera arte.
‘Benta Zaharreko Mutiko Alaiak’-en
blogean argazkiak daude
Larunbatean Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldea ibili zen herria girotzen, San Joan Konpartsa lagun zuela. Hain zuzen ere, egun horretako kronikatxo bat jarri dute taldearen blogean, eta baita bideo bat ere. Beraz, inork irudiak edo ikusi nahiko balitu, bentazaharra.blogspot.com-en sartu besterik ez du.
Hernaniar akordeoilariak Tolosan
Inauterietan
Tolosara eskapadaren bat egin duen hernaniarrik ere bada. Musika Eskolako akordeoilariak gonbidatuak zeuden aspalditik bertako Inauterietara, eta hantxe ibili ziren 8 akordeoilari hernaniarrak, bertakoekin batera, Tolosako Inauterietako piezak zuzenean jotzen.