PENA ederra hartuko dute gaur batzuk eta poz ederra beste batzuk, sardina ondo-ondo erre eta lurperatzean. Izan ere, lehengo ostiralaz geroztik, herria festaz beteta dabil, eta askok estimatuko dute, pena ederra hartu arren, sardina lurperatzea. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko da komitiba, sardina gaixoaren atzetik.
Azken agurra sardinari
Gudarien Plazatik abiatuko da komitiba, sardinaren atzetik; Kardaberaz kalean behera jaitsiko da eta Kale Nagusian gora eginda, Plazara itzuliko da. Han, disgusto ederrarekin, sardinari su eman eta adio esango diote.
Sardinak badu zerbait, denak negarrez jartzen dituena. Atzetik izango ditu beltzez jantzitako alargunak, zapiak eskuetan dituztela, malkoak ezin sekaturik.
Atzo gazteen Azeri Dantza
Musika Eskolako ikasleen dianarekin esnatu zen herria atzo, eta Azeri Dantzako gazteek ajeak kendu zizkieten beraiengana arrimatu zirenei. Egun osoan zehar ikuskizunak izan zituzten umeek eta arratsaldean Break Dantza-Scratch dantza saio ikusgarria izan zen Tilosetan.