15.249 hernaniar daude deituta datorren astean botoa ematera

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 22a, 01:00

EUSKO Legebitzarrerako hauteskundeak izango dira datorren igandean, martxoaren 1ean. Hauteskunde hauetan Gasteizko Parlamentua osatzen duten 75 ordezkariak aukeratuko dira, eta horren arabera erabakiko da Lehendakaria. Eusko Legebiltzarra 75 parlamentari (edo legebiltzarkidek) osatzen dute eta Gipuzkoan horietatik 25 aukeratuko dira. Bizkaia eta Araban, beste 25na parlamentari aukeratuko dituzte. Hernanin 18 urte beteta dituzten 15.249 hernaniar daude deituta, Eusko Legebiltzarkideak aukeratzeko. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban guztira 1.776.052 pertsonak izango dute egun horretan bozkatzeko aukera.


Hautes eskoletan aldaketak
Martxoaren 1eko hauteskundeetarako, hainbat aldaketa izango dira Hernaniko eskoletan. Aurten eskola berria egokitu dute, Sagastialdeberriko Haur Eskola hain zuzen ere. Bertan jarriko dituzte lehen Gabriel Zelaiako eskolan zeuden lau mahai, eta Laubidietan zegoen beste mahai bat. Beraz orain guztira 8 eskola izango dira: Biteri, Gabriel Zelaiako eraikina, Larramendiko Udal gelak, Zikuñagako garai bateko eskolak, Ereñotzuko Txirrita ikastetxea, Langile ikastola (Laubidietan), Elizatxo ikastola (Elizatxo auzoa) eta Sagastialdeberriko Haur Eskola. Egun hauetan txartelak bidaltzen ari dira etxeetara, eta bertan zehazten da herritar bakoitzak non eman behar duen botoa. Hauteskunde egunean, baten batek oraindik ere argi ez badu, udaletxean galdetuta jakin daiteke norberak non eman behar duen botoa. Bozketako ordutegia Martxoaren 1ean, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara eman beharko da botoa. Herritar bakoitzak, erroldaren arabera dagokion eskolan eta mahaian eman beharko du botoa. Hauteskundeetako emaitzak gaueko 22:30etarako jakingo dira, gutxi gorabehera, eta emaitzen segimendua www. hauteskundeak.net web gunearen bidez egin ahal izango da. Hernaniko Kronikak ere herriko emaitzak eta emaitza orokorrak interneten jarriko ditu (www.kronika.net), Udaletxean kontaketa bukatu bezain laister.

Hauteskunde mahaiak osatzea
Hauteskundeetako mahai bakoitzean bildu beharko dute: mahai horretarako izendatua dagoen Lehendakariak, bi bokalak eta ordezkariak, martxoaren 1ean, goizeko 08:00etarako. Kabina, boto-txartelak, gutun azalak, eta gainerakoak ondo daudela ziurtatu ondoren, hauteskunde mahaia osatzeko akta idatzi beharko dute. Lan horiek goizeko 09:00etarako bukatuta egon beharko dute, ordu horretan hasiko baita bozketa.


Hamar alderdi aukeran eta biren jarduna etenda
Gipuzkoan 10 alderdi aurkeztu dira hauteskudeetara. Aurkeztutako bi alderdiren jarduna eten egin du aste honetan bertan Auzitegi Nazionalak, D3M eta Askatasuna alderdiena, hain zuzen. Inkestek (CIS) EAJ-PNV jotzen dute hauteskundeetarako irabazle, 27-28 eserlekurekin. Hurrengoa, 26 eserlekurekin, PSE-EE izango litzateke; eta hurrengoa PP, 11-12 eserlekurekin. IU-EBk 3 eserleku lortuko lituzke, inkesten arabera; EAk 3 edo 4; Aralarrek 3 eta UPDk 1 edo 0. Ezker Abertzaleak, nahiz eta D3Mren zerrendak baligabetu, herritarrei dei egin die bere boto paperekin bozkatzeko.


Hauteskunde kanpainako ekitaldiak
Hernanin Hauteskunde kanpaina joan den otsailaren 13an hasi zen eta datorren otsailaren 27ra arte iraungo du. Alderdi ezberdinak ekitaldi politikoak egiten ari dira batean zein bestean, nahiz eta Hernanin ez den mugimendu haundirik izan. Aste honetan, ostegunean, Nekane Erauskin parlamentariak hitz egin zuen Biteri kultur etxean. Egun berean, arratsaldeko 17:00ak aldera, PSE-EEko ordezkariak izan ziren ferian larrosak banatzen.


Hernanin ordezkaritza duten ordezkari politikoen adierazpenak:

Ezker Abertzalea Marian Beitialarrangoitia: «Ezker Abertzaleari emandako botoa ez da nuloa izango»
«Nabarmena da ezker abertzalea baztertu nahiaren atzean herri honek eskatzen duen sakoneko aldaketa saihesteko ahalegina dagoela. Lizarra Garazitik gaur arte agerian geratu da aldaketa politikorako aukera hor dagoela, partizioa, ukazioa eta mendekotasuna baino ekarri ez dizkigun markoa gainditu eta lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubideetan oinarritutako eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko aukera erreala. Agortuta dagoen marko autonomistari eutsi eta gehienez axaleko aldaketak egin nahi dituztenek, benetako aldaketaren motorra ezker abertzalea izan daitekeela jakinda eta independentismoaren inguruan sortu litekeen mugimendu zabalaren beldur, ezker abertzalearen aurka jo dute basatiki. Gauza jakina da hauteskunde hauetan jokoan dagoena ez dela lehendakaritza edota parlamentuaren osaketa soilik, aurrean dugun erronka euskal herritarrak bere etorkizunaren jabe egingo dituen eskenatoki demokratikoa lortzea da. Bizi dugun egoera nahasiaren aurrean konponbideak behar ditugu. Eta hori horrela izan dadin oso garrantzitsua da ezker abertzaleak babes zabala lortzea hauteskundeetan, legebiltzarrean aulkirik ez izanda ere ezker abertzaleak ordezkatzen duen sektore independentistaren indarrak gehiago edo gutxiago zailduko duelako iruzur politiko berri baten aukera, orain dela 30 urte egin zuten modukoa. Ezker Abertzaleari emandako bozka ez da nulua izango, orain arte izan ez den modu berean».


PSE-EE-Jose Ramon Chica: «Beharrezkoa da gobernu aldaketa eta PSE-EE da alternatiba bakarra»
«PSE-EEri botua emateko arrazoietako batzuk honako hauek izango lirateke: -Higiene demokratikoagatik, beharrezkoa da gobernu aldaketa, PNVren azken 30 urteko agintaldiari bukaera emateko PSE-EE da alternatiba bakarra. - Euskaldun guztion arteko akordioaren alde egiten duen alderdi bakarra delako, beste alderdiek konfrontazioa bilatzen duten bitartean. -PSE-EEk gestiorako ahalmen haundia erakutsi duelako gobernatzen duen udaletxe guztietan. -PSE-EE Ongizate Estatuaren aldeko lan gehien egin duen alderdia delako: gizarte zerbitzuak hobetu ditu, osasun arloa eta hezkutza publikoa hobetu ditu, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egin du, eta pentsioak hobetu ditu. -Gazteentzako proposamen garbiak dituelako, bai alokairuzko etxebitzen eta babestutako etxebizitzen arloan. -Euskadiko garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko akordioa proposatzen duelako, enpresak, langile autonomoak eta familiak laguntzeko».

EAJ-PNV Andoni Amonarraiz: «Ibarretxe hautagairik sendo eta fidagarriena da»
«Ororen gainetik, Lehendakaria hitzeko gizona da. Ibarretxe Lehendakariaren 10 urteko ibilbideak ezer erakusten badu, emandako hitza bete duela da, bai arlo politiko hutsari dagokionez eta baita kudeaketari dagokionez ere. Juan Jose Ibarretxek gestore eraginkorra dela erakutsi du. Estatuko indizeekin alderatuta, gainetik kokatu du Euskadi, eta, nazioarte mailan, Giza Garapen Indizeetan, lehendabiziko postuetan jarri du. Normalizazio politikoari dagokionez, gure Herria orain hamarkada bat pentsaezina genuen lekuan kokatu du. Estatutu Politiko Berriak eta Kontsulta Legeek ahalbidetu dute, Euskal hiritarrek errealitate bezala ikustea, Euskal Herriaren eta bere erabakitzeko eskubidearen aitortza gauza daitekeela. Eta, Estatu espainolak etengabean oztopatu arren, ikuspuntu demokratiko batetik, hasitako ibilbideak ez du atzera bueltarik. Lehendakaria, Herri honek behar eta eskatzen duen aurrerapena, berrikuntza, elkartasuna eta konpromisoa, ondoen islatzen duen pertsona eta politikoa da. Hautagairik sendo eta fidagarriena da; krisi ekonomiko honetatik irtenarazteko gai den bakarra, eta, aldi berean, bakegintza eta normalizazio politikoari heltzeko gai den bakarra».


EA-Iñaki Arratibel: «Eusko Alkartasuna da, boto abertzale, demokrata eta aurrerakoi bakarra»
«Martxoak 1ean Eusko Alkartasuna izango da boto abertzale-demokrata-aurrerakoi bakarra. Izan ere, bere baitan jasotzen ditu Abertzaletasunaren aldeko apostu irmoa, alde batetik, eta egunerokotasuneko arazoei aurre egiteko neurri zehatzak bestetik; berak bermatzen duelako politikan gardentasunez aritzeko modua. Azken helburua independentzia izanik, lehen urrats gisa, gizarteak erabakitzeko eskubidea gauzatzea lortu behar da. Ondoren, gizartearen gehiengoak adieraziko baitu bidea, demokratikoki. Eta herri eskubideen defentsan, ezinbestekoa deritzogu indarren metaketari. Beti ere, oinarrizko eskubideen errespetutik abiatzeko prest dauden guztien indar metaketa. Bestalde, kohesio soziala dugu helburu. Krisi ekonomikoaren garai honetan ere, ezin ahaz ditzakegu gure gizartean okerren dauden pertsonak. Guztientzat hartu behar dira erabakiak, etxebizitza arloan, hezkuntzan, osasunean edota beste hainbat arlotan. Moduak ere garrantzitsuak dira. Iruzur kasuek ezin dute ohiko bihurtu. EAk politika egiteko modu gardena eskatzen du, funts publikoen, hau da, gu guztion diruaren kontrola erabatekoa izan dadin».


PP-Maria Luz Anglada «Gure helburua da terrorismoarekin bukatzea eta askatasuna berreskuratzea»
«Gure helburua da terrorismoarekin bukatzea eta askatasuna berreskuratzea, demokrazian bizi ahal izateko. Biktimak errespetatuko diren gizarte baten alde egitea da gure helburua, eta Zuzenbide Estatua gailentzea ETAren delirio totalitarioen gainetik, eta bazterketak egiten dituen nazionalismoaren gainetik. Administrazioan lanpostu bat eskuratzerako garaian, PP gobernuan dela, ez da herritarrik diskriminatuko erabiltzen duen hizkuntzagatik edo bere pentsakeragatik. Gai publikoetan gestioa hobetuko dugu, eraginkortasunez eta razionalki, pertsonak begi bistatik galdu gabe, eta sekretismorik gabe, bizi baldintzak hobetzeko eta autogobernua sustatzeko. Badakigu nola egin aurre krisi garai gogor hauei, Espainiako Gobernuan eta beste hainbat instituzioetan egoera zailei aurre egin diegulako; urte horiek Espainiako urterik oparoenak bezala gogoratzen dira Europan. Badaude konponbideak eta lehenbailehen heldu behar diegu».


EB-Beatriz Fernandino «Herritarren beharrak eskubide bihurtzeko proposamenak dira gureak»

«Ezker Batuari botua ematen dion herritarrak inbertsioa egingo du politika ekonomikoan, politika sozialean, eta ingurugiro politiketan. Seme-alabei segurtasuna eskainiko die orain, eta etorkizuna bermatuko. Gure hauteskunde programan zentzuzko azaltzen dira gure proposamenak, erabili ohi den propagandatik urrunduta. Gure proposamenak zehatzak dira, Ongizate Estatuak aurrera egin dezan herritarrek dituzten beharrei erantzuterako garaian, behar horiek eskubide bihur daitezen, etxebizitzarekin edo zerbitzu sozialekin egin dugun bezala. Euskadin izandako lorpen hauek gure organizazio politikoaren ikurra daramate. Azken finean, herritarrentzako politikak atera nahi ditugu aurrera, langileen gehiengoaren ikuspuntua kontuan hartuta; gaur egungo krisiaren zurrunbilora eraman gaituen eredu ekonomiko espekulatiboan berberean kapitala injektatu nahi dutenei aurre eginez. Egoera honen aurrean sekula baino batuago egon behar dugu. Honen aurrean, Ezker Batua proposamen bakarra da, egiazkoa, elkarrizketaren alde egiten duena».


Aralar Ernesto Merino: «Alternatiba ezkerretik eta abertzaletasunetik eraiki behar dugu»
«Ezker abertzale sendoa behar dugu, bide politiko soiletan oinarritua. Aldaketa politikorako. Bada garaia gauzak alda ditzagun. Beti berdinak boterean egonda inertzia asko sortu ditu. Entxufismoa, klientelismoa, ustelkeria. Adibidez, hor dago Aralarrek bere garaian bakarka atera zuen Balenciaga museoaren iruzur lotsagabea. Beraz, alternatiba behar dugu eta ez alternantzia. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak (EAJ-EA-EB) aurrera atera dituen egitasmo gehienak PSErekin adostutakoak izan dira. Gure lehentasuna ez da gobernuan sartzea, gobernatzeko moldeak aldatzea baizik. Eta ez da gutxi! Alternatiba ezkerretik eta abertzaletasunetik eraiki behar dugu. Jendearen borondateak irabaziz. Gobernu espainiarrak ilegalizazioak baliatu ditu alternantzia bermatzeko. Horri aurre egin beharko diogu. Horri eta Osakidetzaren zerbitzua okerragotzeari, langile, autonomo txiki eta dendariengan krisiak izango dituen ondorioei, Hezkuntza sistemaren baliabide faltari eta abarri. Eta horretarako inolako loturarik ez duen ezkerreko alternatiba abertzalea proposatzen dugu».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!