ATZO eguerdian hasi ziren Inauteri jaiak herrian. Plaza bete jende zela, Josetxo Lazkanori omenaldi txiki bat egin zioten bertan zeuden herritarrek. Ondoren, ikastetxeetako umeak eta beraiekin zeuden helduak kalean behera abiatu ziren txarangaren atzetik, guzti guztiak Josetxoren atzetik. Kalejiran ibili ondoren, gazteak Disko Festara arrimatu ziren, Plaza Berrira, bakoitzak ahal zuen moduan mozorroak astintzera. Gaur, eguna bete-betea dator; Azeri Dantza izango da goizean, umeentzako ere izango dira denborapasa mordoska bat, eta txarangak ibiliko dira kaleetan barrena.
Josetxo Lazkanori omenaldia
Makina bat aldiz ikusi izan dugu Josetxo txarangen aurrean, txarangak zuzentzen, txapaz jositako bere txaketa urdinarekin, besoak gora eta behera. Josetxo, Donostiako Loiola auzoan jaioa eta orain Hernanin bizi dena, txaranga asko zuzendua da, Incansables, Txatarra, eta Beti Ola, esate baterako.
Hain zuzen ere, bera izan da Inauterietako aurtengo omendua. Atzo, dotore-dotore jantzita, pajarita eta guzti, batuta eskutan zuela, oholtza gainera igo eta herritarren omenaldi xumea jaso zuen.
Inauterietako aurreneko
Axeri Dantza gaur
Gaur goizean aterako da Inauterietako aurreneko Axeri Dantza. Gaurkoa helduek osatuko dute. Goizeko 10:00etan abiatuko dira, Plazatik, sokan ibiltzen diren 17 lagunak eta Axeria. Atera aurretik Inauterietan dantzatzen duten Sugearen Dantza egingo dute, San Joanetan egiten ez dena. Hortik aurrera, maskuriak eskutan, sokaren barruan harrapatzen duten guztia berotzeko gogoz aterako dira. Herriko tabernari eta dendarien laguntza ere izango dute, Kaxkoko portal, eta txoko ezberdinetan izkutatuko baitira, jendea ustekabean harrapatzeko.
Hurrengo Axeri Dantza astelehen goizean izango da, ordu berean. Bertan Langile ikastolako 14-15 urteko neska mutilak aterako dira.
Mozorro festa, arratsaldean
Azken urteetako lanari segita, aurten ere Mozorro Festa prestatu dute. Bertan gazteek, bakarka eta taldeka, gustoko abestien inguruko koreografiak prestatu dituzte. Zuzeneko emanaldiak ere izango dira gaurko Mozorro Festan, herriko gazteek osatutako bi talde animatu baitira Mozorro Festan zuzenean jotzera. Mozorro festa, arratsaldeko 19:00etan izango da, Atsegindegin.
Benta Zaharreko Mutiko Alaiak herria girotzen
Kanturako eta dantzarako plana jarriko dute gaur, goiz eta arratsalde, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak izeneko taldeak. Bost bat lagunek osatzen dute Goierriko talde hau, eta Hernaniko San Joan Konpartsak deituta etortzen dira herrira. Musika tresnak eskutan eta ekipoa gurdi batean dutela ibiliko dira poteoan, eta animatzen denak izango du aukera haiekin elkartzeko. Kantu herrikoi ezagunak abesten dituzte eta, lana errazte aldera, abestien letrekin liburuxkak banatuko dituzte. Bi saio egingo dituzte, aurrenekoa eguerdian, 12:00etatik aurrera; eta bigarrena, 17:30etatik aurrera.
Haurrentzako ikuskizun
eta ekintzak
Etxeko txikienentzako ikuskizun eta plan ugari izango dira gaur, eta datozen egunetan, Inauterietako egitarauaren barruan. Gaur, goizeko 11:30etan poni eta zezen txikiak izango dira, Latsunbeko kirol pistan. Erraldoi eta buruhaundiak ere aterako dira eguerdiko 13:00etan. Arratsaldeko 17:00etan, Galtzagorriei to, Inaxito! haurrentzako ikuskizuna izango da, Atsegindegin.
Betikoak txaranga
goizean eta gauean
Txarangaren atzetik saltoka ibili nahi duenak izango du aukera gaurkoan, izan ere, Betikoak txaranga ariko da gaur Inauteriak girotzen. Hiru saio egingo dituzte, bata 11:00etan hasita; bestea 18:00etan, eta bestea gauerdian.
Gazte Asanbladak poteoa eta bazkaria Gazte Asanbladak ere bere egitaraua egin du Inauteri hauetarako. Gaur, goizeko 12:30etan abiatuta, poteoan ibiltzeko asmoa dute, dultzaineroak lagun hartuta. Eguerdiko 14:00etan bazkaria egingo dute gaztetxean bertan.