NEKANE erauskinekin solasaldia izan zen ostegunean Biterin, Henaniko Ezker Abertzaleak antolatuta. Biteri jendez beteta zela, planteatutako galderei erantzun zien Erauskinek. EHAK alderdiko parlamentariak egungo gatazka politikoa gainditzeko estrategia bat finkatu beharra azpimarratu zuen, bere iritzira, estrategia hori «indar independentistak biltzetik etorri behar du», eta bide horretan «motorra Ezker Abertzalea» izango dela aipatu zuen.
Kaleko kezkak Parlamentura
Azken lau urteetan Eusko Legebiltzarrean egindako lanaren balorazioa egin zuen Erauskinek solasaldian, eta aipatu zuen, beren egitekoa izan dela kalean zeuden borrokak Parlamentura eramatea. Adibide bezala jarri zituen lan istripuen gaia eta AHTaren kontrako jarrera.
Ilegalizazioak
Alderdien Legea eta ilegalizazioen harira, Nekane Erauskinek adierazi zuen «estrategia honek independentismoa instituzioetatik ezabatzea» bilatzen duela, baina esan zuen horrek ez duela etsipenik sortu behar, bakoitzak bere arloan lan egiten jarraitu behar duela.
Krisi ekonomikoa
Mundu mailako krisi ekonomikoak Euskal Herriari nola eragingo dion galdetuta, Nekane Erauskinek erantzun zuen krisiak adierazten duela eredu kapitalistaren porrota. Bere iritzira, «eredua aldatu beharrean, hartzen ari diren neurriekin, partxeak jartzen ari dira, betikoek etekinak atera ditzaten. Eta hemen sufritzen ari dena langilea da».
Marko demokratikoa
Egungo marko politikoari buruz galdetuta, «egungo markoa agortua» dagoela esan zuen Erauskinek. Adierazi zuenez, horren aurrean «estrategia on bat landu behar da, estrategia bat marko demokratiko batera eramango gaituena, non denon eskubideak bermatuko diren».