Gobernu zentralak 3.384.00 euro jarriko ditu Etxeberri eta Zikuñaga auzoak urbanizatu eta Karabelgo zubia txukuntzeko

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 21a, 01:00

Hernaniko Udalak egindako eskaria onartu egin du Espainiako Gobernuak. Hiru proiektuak %100ean finantzatuko dira diru kopuru horrekin. Lanak aurten hasiko dira.

KRISIA dela eta Espainiako Gobernuak diru kopuru bat bideratu du Estatuko herri ezberdinetara. Izan ere, 2008 eta 2009 urteetan diru sarrerak nabarmen jaitsi zaizkie udaletxeei, eta horrek inbertsioak egiteko gaitasuna gutxitu die. Hernaniko Udala ez da egoera horretatik libratu, eta horregatik, hainbat proiekturentzako diru laguntza eskaria egin du. Zehazki, Etxeberri auzoko zati bat eta Zikuñaga auzo osoa urbanizatzeko, eta Karabelgo zubia txukuntzeko diru laguntza eskatu du. Joan den ostiralean jakin zuen Udalak eskaria onartu egin zuela Espainiako Gobernuak; Hernanik 3.383.832 euro jasoko ditu hiru proiektu horiek egiteko. Diru sarrera horri esker, Hernaniko Udalak bestela egingo ez lituzkeen lanak egin ahal izango ditu, eta herriko auzoak urbanizatzeko egin beharrari helduko dio. Bestalde, nahiko egoera kaxkarrean dagoen Karabelgo zubia txukundu, eta legedira egokitzeko aukera izango du.

Proiektuen nondik norakoak

Etxeberriri dagokionean, 4, 8, 9 eta 10 blokeak dauden inguru hori urbanizatuko dute. Proiektu honek 510.456 euroko aurrekontua du. Zikuñaga auzoa urbanizatzeko proiektuak 1.525.247 euroko aurrekontua du. Zikuñagaren kasuan, auzo osoa izango da urbanizatuko dena. Karabelgo zubiari dagokionez, errepidea berdindu egingo dute, eta Zubipeko zelai aldera dagoen espaloia kendu, eta beste aldean, espaloi zabalagoa jarriko dute, 3 bat metrokoa. Espaloiaren eta errepidearen artean, bide gorria jarriko dute. Lanak aurten hasiko dira Hiru proiektu horiek 2009an hasiko dira egiten, besteak beste, Gobernu Zentralak baldintza hori jarri duelako. Orain lanak egiteko enpresak kontratatu behar ditu Udalak, Gipuzkoako Boletin Ofizialean deialdia argitaratuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!