«Marian Beitialarrangoitiak ez du jakin hernaniarren interesa defendatzen, eta promotoreen interesetara makurtu da»

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 19a, 01:00

IÑAKI Arratibelek prentsa ohar baten bidez erantzun die Alkateak Txantxillako etxebizitza tasatuen inguruan egindako adierazpenei. (Alkatearen adierazpenak asteazkeneko alean argiratatu zituen Kronikak). Arratibelek dio diru sarrerak ez direla kontuan hartu Txantxillako etxebizitza kontzertatuak emateko orduan «eta hortik aurrera Alkatea justifikaezina justifikatzen saiatu» dela. Prentsa oharrean EAko bozeramaileak dio, Udalak bi baldintza bakarrik jarri dituela Txantxillako etxebizitza tasatuak eskuratzeko: hernaniarra izatea eta jabetzan etxebizitzarik ez izatea: «Marian Beitialarrangoitiak ontzat eman du diru sarrerak kontuan ez hartzea, ez dakiguna da zeren truke eman duen amore; eta hori da hain zuzen ere Alkate andereak argitu nahi ez duena». Arratibelek dioenez, «Alkateak aitortu du diru sarrerak kontuan hartu beharrekoak direla, baina hori horrela bada, zergatik ez du baldintza hori sartzea exijitu? Modu honetara, Marian Beitialarrangoitiak ez du jakin hernaniarren interesak defendatzen, eta promotoreen interesetara makurtu da. Hori da errealitatea eta hortik ezin du ihes egin».

Hitzarmeneko baldintzak

Txantxillaren inguruko hitzarmenen inguruan berriz, Arratibelek dio lehenengo hitzarmena Ezker Abertzalea gobernuan zela sinatu zela, «orduan jabetzaren %60 onartu zitekeenean %20 bakarrik onartu zuten. Ondoren, EA gobernuan zegoenean hitzarmenari buelta ematea erabaki zen, eta etxebizitza tasatuak ia %60 izatera pasatu ziren». Horrekin batera, EAko bozeramaileak dio, hitzarmen horretan erabaki zela, Udala izatea etxebizitza tasatuak eskuratzeko baldintzak jarriko dituena, adjudikazioa zeinek egin duen kontuan izan gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!