Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die diru-laguntzarik emango aurten, ez Topaguneari, eta ez Kultur Errotari. Topagunea euskara elkarteen federazioa da, eta bertan biltzen ditu Euskal Herriko euskara elkarteak; horien artean Hernaniko Dobera euskara elkartea. Kultur Errota da Topaguneak antolatuta antolatzen den kultur zirkuitua. Topaguneak eta Kultur Errotak 11 urtean jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza (iaz 49.000 eurokoa), eta aurten laguntzarik gabe geldituko dira. Foru Aldundiak adierazi duenez, «egitasmoak duen singularitate faltagatik ez zaio aurten diru-laguntzarik emango; Foru Aldunditik herri txikiei zuzenean eskaini nahi zaie kultur zirkuitua».
´Ezinegona eta kezka`
Topaguneak «ezinegona eta kezka» azaldu zuen prentsaurrean, joan den asteartean, Donostiako DOKA antzokian. Prentsaurrean izan ziren besteak beste, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, eta Andoni Tolosa Morau sortzaile eta kantari hernaniarra.
Topagunearen iritziz, «erabakia zuzenean dago lotuta Aldundiak bultzatu nahi duen hizkuntza politika eta kultur ereduarekin. Eta zalantzan jartzen ditu Kultur Errotaren eredu parte hartzailea eta gizarte ekimenetik sortutako euskara elkarteen garapena».
Horren aurrean, Topaguneak lau erabaki hartu ditu: 1) Aldundiaren erabakia salatzeko kanpaina hastea; 2) Gipuzkoako Batzarretan agerraldia egitea eta bertan ordezkaritza duten alderdiekin biltzea; 3) Kultur Errotako eskaintzari eustea (beste Aldundietako diru-laguntzak bai baititu); 4) Gipuzkoako sustapen plana berregokitzea.