Saharako errefuxiatu kanpamenduetara 8.000 kg produktu bidali dira Hernanitik

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 19a, 01:00

Bilketa abendua eta urtarrila bitartean egin da, eta joan den urtean baino 2.000 kg gehiago bildu dira. Udal Kooperazio Arlotik eskerrak eman nahi izan dizkiete hernaniar guztiei, «erakutsitako eskuzabaltasuna eta elkartasunagatik».

SAHARAKO errefuxiatu kanpamenduetarako produktuak biltzen aritu ziren herrian. Urteroko moduan, abenduan eta urtarrilean aritu ziren biltzen eta aurten, hala eskatuta, honako produktuak jaso dituzte: azukrea, lentejak, atuna, arroza, konpresak eta pasta. Janari bilketa Hernaniko Udaleko Kooperazio Arloak antolatzen du urtero, eta adierazi dutenez, aurten 8.000 kg produktu bildu dira; joan den urtean baino 2.000 kg gehiago. Produktuak bildu ondoren, jaso eta Saharara bidali dituzte. Produktuen konboia, Euskal Herriko beste herrietan bildutako produktuekin osatua, hilaren 15ean atera zen Sahara aldera.

Eskerrak eman

Kooperazio Arlotik adierazi dutenez, eskerrak eman nahi dizkiete hernaniar guztiei «aurten ere erakutsi duten eskuzabaltasun eta elkartasunarengatik». Bereziki eskerrak eman nahi dizkiete janari bilketan parte hartu duten pertsona, erakunde, ikastetxe, elkarte gastronomiko eta hainbat dendei.

Saharako umeak udan etxean hartzeko kanpaina

Produktu bilketaren kanpainarekin bukatuta, Kooperazio Arloak Saharako umeak udan etxean hartzeko kanpaina jarri du martxan. Beraz, aurtengo udan etxean Saharako umeren bat hartu nahi duenak, Udal Lankidetza Arlora jo dezake, eta informazioa eskatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!