«EA Alkatetzan zela erabaki zen Txantxillako 36 etxebizitza promotoreek zuzenean banatzea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 18a, 01:00

Marian Beitialarrangoitia Alkateak EAk Txantxillako etxebizitza tasatuen inguruan egindako kritikei erantzun die, prentsa ohar baten bidez. (EAren prentsa oharra larunbateko alean argitaratu zen). Alkateak azaldu du Txantxillan egingo diren etxeetatik 36 promotoreek zuzenean banatuko dituztela, eta aipatu du Iñaki Arratibelek berak erantzun beharko lituzkeela egindako kritikak «bere alderdia Alkatetzan zenean sinatu baitzen konbenioa».

Hitzarmenean aldaketak
Alkateak Txantxillako etxeen hitzarmenak izan dituen gorabeherak azaldu ditu: «2004an 39 ziren promotoreek zuzenean banatu zitzaketen etxebizitza kontzertatuak, udalak jarritako balditzak betez gero libreki banatzeko aukera eman zitzaien, baina baldintza horiek zeintzuk izango ziren zehaztu gabe». 2007an, oraigo Gobernu Taldea Alkatetzan zela, hitzarmenak hainbat aldaketa izan zituela azaldu du Alkateak: «batetik, etxebizitza tasatuak kendu eta babes ofizialekoak ugaldu genituen (guztira 56), eta promotoreei banatu beharrekoei bi baldintza jarri genizkien, etxea eskuratuko zutenak hernaniarrak izatea eta etxerik jabegoan ez izatea, eta horrez gain, salduz gero prezioa mugatua izateko epea 20 urtera luzatu genuen». Alkateak aipatu du egindako aldaketak ez zirela berak nahi zituztekeen guztiak izan, «etxea eskuratzeko diru sarrera mugarik ez zelako jartzerik izan», aipatu duenez, puntu horretan promotoreekin ez zen adostasunik lortu.

EAri galderak
Bukatzeko, Alkateak hainbat galdera luzatu dizkio Iñaki Arratibeli: «Zer dela eta eman zieten aukera promotoreei zuzenean etxe kontzertatuak banatzeko? Zergatik ez zuten zozketa sistemarik ezarri? Zer dela eta sortu zaio kezka etxea eskuratuko dutenen zerrenda ikustean eta ez hitzarmena tramitatu zenean?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!