ELA sindikatuak krisiari aurre egiteko kanpaina jarri du martxan, Aberastasuna banatu lemapean. Kanpainaren aurkezpena eta nondik norakoak atzo azaldu zituzten ELAk Hernanin duen egoitzan, prentsaurreko bidez. Bertan hizlari izan ziren Iker Urruzola hernanialdeako ordezkari politikoa, Cristina Otermin eta Mikel Muñoz.
Hausnarketa sakona
ELA sindikatuak prentsaurrekoan salatu zuenez azken 15 urteetan, enpresa publiko eta pribatuek diru asko irabazi dute: «eta urte guzti horietan ez dituzte langileak kontuan hartu. Gainera langileei lan baldintzak okertu egin dizkiete».
Iker Urruzolak adierazi zuenez, hori gutxi balitz, ez dituzte aldatu nahi orain arte aurrera eramandako politikak: «orain arteko politikak indartu nahi dituzte, hau da, errenta altuentzako zergak murriztu, prekaritatea gehiago sortuz, eta gizarte gaietarako gastua gutxitu. Gure ustez behar beharrezkoa da aldaketa fiskal bat egitea, beharrean dauden pertsonei laguntza emateako».
Prentsaurrekoan adierazi zuten gobernuak patronalaren alde jarri direla eta aipatu zutenez «modelu ekonomiko hori da gaur egungo egoerara eraman gaituena». Beraz, ELAri derrigorrezkoa iruditzen zaio aberastasuna banatzea, eta enplegu, gizarte gastu eta gizarte justizia gehiago izatea».
«Soldatak ez dira
krisiaren errudun»
Iker Urruzolak esan zuenez gobernu zein patronelek krisiaren errua langileei botatzen diete eta hori onartezina da: «Patronala krisi egoeraz ari da baliatzen justifikazio gabeko erregulazio espedienteak (ERE) aurkezteko, eta Eusko Jaurlaritzak onartu egiten ditu. Gainera, EAEn langabeen zifrak manipulatzen ari dira, Europa guztian baino lanpostu gehiago suntsitzen ari baitira. Hau gutxi balitz, Gobernuak banketxeei ematen die dirua, jakinda hortik herritarrei eta enpresei ez zaiela dirurik iristen. Beraz, ELAk esku hartze publikoa beharrezkoa ikusten du».
Eskualdez eskualde lanean
ELAk kanpaina aurrera eramango du Oria Goierri eskualdean eta batez ere Hernani aldean (Andoain, Urnieta, Astigarraga, Lasarte-Orian eta Usurbil). Horretarako, enpresaz enpresa, herriz herri, pertsonaz pertsona zabalduko dute mezua. Honetaz gain, herri guztietako lantokietako ordezkariekin batzarrak egingo dituzte eta informazio kurtsoak emango dituzte. Otsailaren 3an hasi eta ekainaren 5a bitartean berriz, ekitaldiak egingo dituzte. Horien artean bi nazionalak izango dira: apirilaren 3an Iruñan eta ekainaren 5ean Bilbon.