Herriko ibilbideetan barrena ibili dira ‘Hernani Ezagutuz’

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 15a, 01:00

HERNANIKO Udalak, Mendiriz Mendik eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzartuta, herriko ibilbideak ezagutarazteko ekimena jarri da martxan, Hernani Ezagutuz izenekoa. Ekimen honen bidez herrian dagoeneko markatuta dauden ibilbideak ezagutarazi nahi dituzte eta ibilbide berriak osatu. Ibilbide horien berri ematen duen liburuxka ere argitaratu nahi dute aurten.

Dagoeneko bi irteera
Mendiriz Mendik azkenaldian bi irteera antolatu ditu ibilbide hauek ezagutzera emateko. Aurrenekoa urtarrilaren 18an egin zuten, Ereñotzu, Akolatxara eta Fagollagan barrena, haurrekin; eta nahiko arrakasta izan zuen, 82 lagun elkartu baitziren ibilbideaz gozatzeko. Bigarren ibilbidea otsailaren 8an egin zuten, joan den igandean, helduekin. Argorri, Saratze, Untzegi, Lizarregiko lepoa, Aparrain eta Ugaldetxon barrena ibili ziren, Oberan izeneneko ibilbidean. Eguraldi txarra egin arren, 44 pertsona animatu ziren, eta Hernani, Donostia eta Errenteriako mugetan barrena ibili ziren. Urumea ibaiaren txoko ezezagunak ere ikusi zituzten, eta egoera onean dauden harizti eta pagadiak, eta Aiako Harria Parke Naturalaren barruko Hernaniko zatia ikusteko aukera ere izan zuten. Intereseko gune bakoitzean Aranzadi Zientzi Elkarteko Iñaki Sanzek emandako azalpenak entzuteko aukera izan zuten bertara gerturatu zirenek.

Herriko altxorrak
Ibilbide sare hauetan herrian bertan dauden ondare eta altxor ugari aurki daitezke. Basoak, erreka eta beste hainbat natur ondare; eta baita ondare historikoak eta naturalak, hala nola, monumentu megalitikoak, garai bateko bizimodua gogora ekartzen duten aztarnak, eta abar. Antolatzaileen esanetan, ibilbidea egin duten pertsonek «ustekabe haundia hartu dute, herritik horren gertu aurkitu daitezkeen bide, paisai, eta gune interesgarri asko dagoelako».

Ibilbideak erakusten jarraitzeko konpromezua
Aranzadik eta Mendiriz Mendi elkarteek egindako bi irteeren balorazio «oso positiboa» egin dute eta datorren urtean ere, «herritarrei diseinaturiko ibilbideak ezagutzera emateko Hernani ezagutuz egitasmoarekin jarraitzeko konpromezua» hartu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!