Ostiralean Torturaren Aurkako Eguna izan zen, eta Hernanin, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezalaxe, torturaren aurkako ahotsak altxa ziren, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta. Tortura salatzeaz gain, duela 28 urte hildako Joxe Arregi ere gogoan izan zuten.
Mobilizazioak Hernanin
Hernanin ere izan ziren mobilizazioak. Egunean zehar torturatutako pertsonak irudikatzen zituzten figurak jarri zituzten herrian barrena: Tilosetan, Plaza Berrin, plazan, eta Zinkoenean besteak beste, tortura bukatzearen premia eskatzen zuten pankartak ondoan zituztela.
Iluntzean manifestazioa egin zen herrian barrena, beste hainbat herrietan bezala, Torturari Stop lemapean.
Joxe Arregi
Torturaren Aurkako Egunean, besteak beste, Joxe Arregi zizurkildarra gogoratzen da. Joxe Arregi 1981ean hil zen Madrileko polizia etxe batean. Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere gogoan izan zuen Joxe Arregi, «torturapean hil zutela 28 urte betetzen diren honetan».
Era berean, salatu nahi izan zituzten «oraindik Euskal Herrian tortura sistematikoa ez dela diotenak»; eta salatu zituzten «jipoitzen gaituztenak» eta «torturatua izatearen errua torturatuari egozten diotenak». Azkenik, gogoan izan zituzten «tortura jasan duten hernaniarrak».