Aldi baterako egonaldiak prestatzen ari dira Foru Aldundia eta zaharren egoitza, Aste Santuari begira

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 15a, 01:00

ASTE Santuan zehar menpekotasuna duten adineko pertsonak egoitzetara joateko izena emateko epea ireki du Foru Aldundiak. Hernaniko Maria Magdalena egoitzan ere zerbitzua prestazen hasiak dira. Zerbitzuaren helburua da beren etxeetan bizi eta menpekotasunen bat duten adineko pertsonei egonaldi bat eskaintzea, denboraldi mugatu batez. Helburua da pertsonek beren etxeetan jarraitzea, eta aldi berean, zaintzaileei denboraldi batez atsedenaldi bat eskaintzea. Eskatzaileek baldinza batzuk bete behar dituzte, besteak beste, Gipuzkoan erroldatuta egotea, eta aldi batean zerbitzua behar izatea.

Epea eta plazak
Zaharren egoitzatik jakinarazi dutenez, eskaerak onartzeko azken eguna martxoaren 6a izango da, ostirala. Zerbitzu horretarako dagoen plaza kopurua mugatua da, beraz, komeni da eskaera egiteko epea errespetatzea. Epez kanpo iristen diren eskaerak eskuragarri egon daitezkeen plazen arabera eta eskaera luzatu duenaren behar eta perfilaren arabera emango dira.

Gutxienez 15 egun
Aldi baterako egonaldiak gutxienez 15 egunekoak izaten dira, eta ahal bada, 15 egun naturalak izan behar dute, alegia, astelehenetik iganderako hamabostaldiak. Egonaldi bereziak izanik, piskanaka egin behar izaten dira eta batzuetan egonaldiko epea egokitu egin behar izaten da. Edozein modutan, antolatzaileak saiatuko dira egonaldia hasi baino 15 egun lehenago erabakitzen.

Bikoteen kasuan
Batzuetan tokatzen da bi pertsonek batera eskatzea egonaldia, esate baterako, senar-emazteen eta anaia-arreben kasuan. Horrelako kasuetan, zerbitzuak banan bana aztertzen du kasua eta bakoitzaren premia eta egoeraren arabera ematen du.

Unitate Psikogeriatrikorik ez dago
Aldi baterako egonaldietarako ez dago Unitate Psikogeriatrikorik, beraz, zerbitzu hori behar dutenek ez dute zerbitzu hau eskatu behar. Horrez gain, eskatzaileek MBB (Bvd) eta RAI izeneko txostenak behar dituzte.

Garraio zerbitzua
Egokitutako garraioa eskatzeko ondo neurtu behar da premia. Behar izanez gero, 48 orduko aurrerapenarekin eskatu behar da, joan-etorrikoa. Ordutegia, garraioaz arduratzen direnek jakinaraziko diete familia eta zentroari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!