AUZITEGI Nazionaleko Grande Marlaska epaileak monolito bat eta bi plaka kentzeko agindu dio Udalari, Bernardo Astiazaran Indioren monolitoa, eta Ekain Ruiz eta Oihane Errazkinen plakak, hain zuzen, denak Santa Barbara mendian jarriak.
Eremu publikoetan
Duela urtebete ia, Pana parkeari izena aldatu eta bertako monolitoa kentzeko agindu zenean, epaileak txostenak eskatu zituen herriko beste 5 monolito edo oroitarrien inguruan. Bost horietatik hiru, oraingo txandan kendu beharrekoak, eremu publikoetan daude, Santa Barbara mendian hain zuzen, eta Auzitegi Nazionalak eremu publikoetan dauden horiek kentzeko agindua eman du.
Bi eguneko epea eman du epaileak kentzeko
Marian Beitialarrangoitia alkateak Kronikari adierazitakoaren arabera, epaileak bi eguneko epea eman du monolitoa eta plakak «non dauden jakinarazteko eta kentzeko». Alkatearen esanetan, kendu behar direla «erabakia dago» eta atzo bertan Udaltzainei kentzeko agindua emateko asmoa adierazi zuen. Datozen egunetan, Guardia Zibilak txostena beteko du, agindua bete den edo ez esanez, epaileari bidaltzeko.