Mozorroak prest, datorren astean hasiko baitira Inauteriak

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 15a, 01:00

INDIOZ edo bakeroz, pirataz edo printzesaz, pailazoz edo deabruz... datorren astean hasiko diren Inauterietan zertaz mozorrotu, buruari bueltaka ari da dagoeneko herritar ugari. Aukeratzen den mozorroa aukeratzen dela izango da non festa giroan ibili herrian ostiraletik aurrera igandera bitartean. Inauteri jaien hasiera ofiziala ostiralean, arratsaldeko 15:15etan izango da, Plazan. Azken urteetan haurrak, gaztetxoak eta gurasoak izaten dira herriko Inauterietan protagonista, eta aurten ere, espero da herriko plaza beteko dutela jai hasieran izaten den giroaz gozatzeko. Jaiari jarraipena, arratsaldean emango diote erraldoi eta buruhaundiek, 17:00etan. Eusko Diskoteka ere izango da, ostiralean Plaza Berrin, dantzan gustora aritzeko.


Azeri dantza larunbat eta igandean
Inauterietan Azeri Dantzarik ezin falta; bi Azeri Dantza izango dira. Aurrenekoa, larunbatean goizeko 10:00etan aterako dena, helduen Azeri Dantza mistoa izango da. Astelehenean, goizeko 10:00etan aterako den Azeri Dantzan, Langile ikastolako 14-15 urteko neska mutilak aterako dira. Azeri Dantza berez Inauterietako ohitura den arren, San Joanetan egiten denak jarraipen haundiago izaten du. Inauterietan eta San Joanetan egiten den Azeri Dantzen artean badago alderik, izan ere, Inauterietan, atera aurretik, Sugearen Dantza esaten diotena dantzatzen dute. Beste ezberdintasuna izaten da, Inauterietan ordubete beranduago ateratzen direla. Azeri Dantzan normalean 17 bat lagun ibiltzen dira sokan, eta arduradunek aurreratutakoaren arabera, bi egun hauetarako 375 bat maskuri eskatu dituzte, bizkarrak berotzeko prest daudenaren seinale.


Benta Zaharreko Mutiko Alaiak larunbatean
San Joan Konpartsak antolatuta, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak Goierriko taldea etorriko da larunbatean. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak Taldea bost bat lagunek osatzen dute, eta musika instrumentuekin batean, karro batean altabozak eramaten dituzte. Poteoan euskal kantuak abestu eta dantzatzeko plana jartzen dute, eta liburuxkak ere banatzen dituzte abestien letrak ezagutzen ez dituztenentzat. Hiru urte dira Benta Zaharreko Mutiko Alaiak Inau- teriak girotzera etortzen direla Hernanira, eta urtero-urtero, jende dexente ibili dute atzetik. Aurten ere errepikatzea nahi lukete, eta hori dela eta, herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Hona hemen deialdiak: larunbatean eguerdiko 12:00etatik aurrera Kaxkoan barrena ibiliko dira, kale eta tabernetan; eta larunbat arratsaldeko 17:30etatik aurrera ere ibiliko dira, inguru berean.


Mozorro festa
Larunbat, arratsaldean, Mozorro Festa izango da Atsegindegi plazan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Mozorro festan herriko gazteek kantu ezagunen inguruko koreografiak egiten dituzte, baina aurten ikusikuzin horiekin batean, zuzeneko emanaldiak ere izango dira. Zuzeneko emanaldi horietan gaztez osatutako bi musika taldek joko dute; talde batek heavy estiloko kantuak jotzen ditu, eta beste taldea rockeroa da. Guztira bost emanaldi izango dira Mozorro Festan, 12-14 urte arteko gazteek osatutakoak. Monitore baten laguntza ere izan dute koreografiak osatzeko. Mozorro festan parte hartu nahi duenak oraindik ere badu aukera, izan ere datorren asteazkenean izango dute azken entsaioa. Bakarka edo taldeka hartu daiteke parte eta abesti bat aukeratu eta dantza prestatzea da egin beharreko lana. Informazio gehiagorako: 675 703 276.


Berria Txapelketako partiduak igande goizean
Pelotaz gozatzeko aukera ere izango da Inauterietan, Berria txapelketako partiduak jokatuko baitira igande goizean, hilaren 22an, goizeko 10:00etan, kiroldegiko frontoian. Bertan indarrak neurtuko dituzte Dimako Txumulutxueta taldeko pelotariek eta Amezketako Zazpiturri taldeko pelotariek. Aurreneko urtea da Txumulutxueta taldeak Berria txapelketan parte hartzen duela, eta aurreneko kanporaketan, Danok Lagunak taldeko pelotariei irabazita, txapelketan aurrera egitea lortu zuen.

Hiru konpartsa aterako dira igande eguerdian Inauterietako igandean, hilaren 22an, karrozak aterako dira kale buelta egitera azken urteetan bezala. Alde batetik Ttarla dantza taldeak aterako dira Argitxo iratxoz jantzita. Argitxo iratxoa Ikastolen Elkarteak sortutako pertsonajea da, haurrek euskaraz hitz egitea bultzatzeko. Guztira 220 haur eta guraso aterako dira Ttarlako konpartsan, karroza eta guzti. Ttarlako arduradunen esanetan, Inauterietakoa da urtean egiten dituzten ekitaldien artean ezberdinena, eta gustora ibiltzen dira, euskal jantzietaz aparteko jantziak soinean dituztela dantzan. Ttarla dantza taldeak taldea osatu zenetik ateratzen du karroza Inauterietan. Elizatxo ikastolako guraso eta ikasleek ere osatu dute karroza, azken 12 urteetan egin duten bezala. Aurtengoan Erdi Aroa da aukeratu duten gaia. Guztira 180 bat lagun aterako dira eta larunbatero-larunbatero entsaiatzen aritu dira azken asteetan, egin beharreko koreografia behar bezala egiteko. 2 eta 16 urte arteko haur eta gaztetxoak aterako dira, baita gurasoak ere. Aterako den hirugarren karroza Inmaculada ikastetxekoa izango da; garai bateko Egipto ekarriko du gogora prestatu duten karrozak. Guztira 110 ikasle eta guraso aterako dira eta hauek ere buru belarri ari dira koreografiak prestatzen. Azaldutakoaren arabera ilusio haundiarekin ari dira dena prestatzen eta dagoeneko 9garren urtea da konpartsan ateratzen direla.

INAUTERIETAKO EGITARAUA

Otsailak 20, ostirala
15:15: Jaien hasiera ofiziala. Josetxo Lazkanori omenaldia. Eskolako umeak irtengo dira Urumea ikastola eta Lagunak txarangarekin batera.
17:00: Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin.
17:30: Eusko Diskoteka Plaza Berrin. 


Otsailak 21, larunbata
10:00: Azeri dantza.
11:00: Betikoak txaranga aterako da.
12:00: Benta zaharreko mutiko alaiak taldea aterako da.
13:00: Erraldoi eta buruhaundien konpartsa Kriskitiña dantza taldearekin.
17:00: Haurrentzat
emanaldia: Galtzagorriei to, Inaxito! Atsegindegi plazan.
17:30: Benta zaharreko mutiko alaiak taldea aterako da.
18:00: Betikoak txarangaren irteera.
19:00: Mozorro festa gaztetxoentzat Atsegindegi plazan.
00:00: Betikoak txarangaren irteera.


Otsailak 22, igandea
10:00: Pelota partiduak: VI Berria txapelketa, kiroldegiko frontoian.
11:00: Betikoak txarangaren irteera.
12:00: Konpartsak aterako dira Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea, La Inmaculada ikastetxea eta Elizatxo ikastola.
17:30: Haurrentzat Zirko ttipia taldearen Giriguai ikuskizuna.
18:00: Betikoak txaranga aterako da.
19:30: Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilari eta dultzaineroak aterako dira. 


Otsailak 23, astelehena
09:00: Diana Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleekin.
10:00: Azeri dantza
gaztetxoentzat.
11:30: Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbe auzoko kirol pistan.
12:00: Haurrentzat Jakin eta Jolas antzerki ikuskizuna, Atsegindegi plazan.
17:00: Haurrentzat Potxin eta Patxin pailazoak. Egipton gertatutakoa ikuskizuna eskainiko dute.
18:00: Break dantza-scratch erakustaldia, Tilosetan.


Otsailak 24, asteartea
18:30: Sardinaren entierroa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!