udalak eta Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak sinatutako akordioari esker, hernaniarrek hainbat abantaila izango dituzte Chillida Lekuko ekitaldiei dagokienez. Trukean Udalak hainbat laguntza emango dizkio museoari, kultura eta heziketa arloko ekintzak jorratzeko. 2004an hasi ziren elkarlanean Udala eta Fundazioa eta joan den asteartean berritu egin zuten elkarlanerako hitzarmena. Pilar Belzuncek, Chillidaren alargunak, eta Idurre Lucas kultura delagatuak sinatu zuten hitzarmena asteartean.
Bisita gidatuak ikasleentzat
Hezkuntzarekin lotuta, Udalak konpromezua hartu du museoan bisita gidatu bat ordaintzeko ikastetxeetako ikasleei, hauek hala eskatzen badute; bere gain hartuko du baita ere Chillida Lekurainoko garraio gastua.
Sagardo Eguna eta Solstizioa
Udalak eta Fundazioak konpromezua hartu dute Chillida Lekuko hainbat kultur ekitaldietan elkar lanean jarduteko. Sagardo Egunean, esate baterako, Udalak bitartekaritza lana egingo du Fundazioa eta sagardotegien artean; autobusa jarriko du bertara joan nahi duten herritarrentzat; azpiegitura jarriko du; eta 100 sarrera erosiko dizkio museoari. Udako Solstizio jaiaren inguruan gisa honetako konpromezuak hartu dituzte Udalak eta Fundazioak, garraioa, sarrera, azpiegitura eta abarri dagokionez. Beste hainbeste gertatuko da Museoen Nazioarteko Egunaren inguruan.
Erakusketak
Udalak diruz lagunduko du urtean zehar antolatzen den erakusketa bat, bereziki Chillidaren figurarekin zerikusia duena, eta horretarako, 9.000 euro emango dizkio Fundazioari. Trukean, gutxienez urtean behin, Eduardo Chillidaren inguruko erakusketa bat Hernanin jartzeko konpromezua hartu du Fundazioak.
%50eko beherapena
Aipatutako ekintzetan eta Udalak diruz lagundutakoetan ere, sarreren prezioan hernaniarrek %50eko beherapena izango dute. Sarrerak Biteri kultur etxean salduko dira eta museoko sarreran erakutsi beharko da. Honekin lotuta, hain zuzen ere, Biteri kultur etxean salgai daude orain Chillida Lekun dagoen erakusketarako sarrerak, 4.25 euroan. Urteko lehenengo erakusketa da, Chillida. Espacios sonoros izenekoa, eta ekainaren 1era arte egongo da jarrita.