EGUNA argitu da eta zomorroak beren etxeetan ari dira prestatzen. Batzuk, usadio zaharreko alkandora zuriz zinta koloredunekin eta besteak ez hain aspaldiko ohituraz blusa koloretsu eta `orteruakin`. Galtzak goizean zuri-zuri egoten dira, bakoitzak ahal bezain ederren kolore zuri, gorri eta berdez bordatuta. Morlak nonahi eta koxkabiluak pauso bakoitzari soinua jartzen. Azkenik, zapela gorriak, hauek ere zinta eta morlaz apainduta.
Goizean puska biltzen
Lehenbiziko topagunea herrian izaten da, Trikitilariekin elkartu eta Suron hasten da puxka biltzea. Kornetak, saskiak, poltsa eta eskerako beharrezko gauza guztiak zomorroen artean partittuta, Suron oinez egiten da buelta. Beltsoko bordako gosari txikiaren ondoren ez dira falta izaten jatekoa eta edatekoa buelta guztian zehar. Etxe bakoitzak urteroko ohiturak izaten ditu eta zomorroek ere ederki dakite hori. Esate baterako, ez dauzkate ahazteko Arranbideko bizkotxo eta ardo goxoa. Benta Berri tabernan garai batean egiten ziren hamaiketako ederrak orain Xauxarren egiten dira, txorizo egosi eta guzti. Beko-Herrira iritsi aurretik sagardo egileen etxeak tokatzen dira: Larratxuri, Lontxon-Borda eta Ezkerren-Borda, segida horretan.
Beko-Herrin ere nahikoa jateko izaten da hainbat etxetan. Mitxelene eta Gozkenen esaterako egonaldi luze xamarrak egiten dira mahai bueltan eta inor gutxi mugitzen da dantzara. Goiko-Herriaren bueltan etxeetakoak zain egoten dira zomorroak noiz ailegatuko. Etxe bakoitzeko buelta egindakoan eta bi tabernetan trago pare bat gehiago edan ostean zomorroak erretiratzen hasten dira. Eguerdialdea izaten da garai horretarako eta bazkari beharrik izan ez arren, elkartean goizetik prestatzen aritutako bazkariari inork ez dio muzin egiten.
Arratsaldean Zai-dantza
Bazkalondorenean, mugitzeko garaia agudo iristen zaie zomorroei. Zai-dantzako protagonistak aukeratu ondoren dantzariak ordenatu behar dira. Denak xuxen jarri eta Zai-dantzari hasiera ematen zaio.
Dantza lau leku desberdinetan egiten da eta nahikoa zorte izaten da inork minik ez hartzearekin. Zai-dantzako bi pertsonaiak airean ibiltzen dira korrika, eroak bezala, eta publikoak eta gainerako dantzariek ere nahikoa lan izaten dute haien paretik kentzen.
Ikuskizuna plazan bukatzen da trikiti pieza batzuk dantzatuaz, segidan, San Roke elkartean elkartzen dira herri afari gozo batean.
Ondoren, elkartean bertan Imuntzo eta Belokiren musikarekin parranda jarraitzeko aukera izaten da. Etxera bueltatu eta galtzak kentzean, koxkabiloek uzten duten ixiltasunak, belarrietan pakea eta tristura arteko zerbait sortzen dute. Zomorroak gustora hartuko luke ohea.
Galbidean zen ohitura berreskuratua:
Aranoko karnabalak, iñotiak ere deituak, lehen asteartearekin ospatzen izan behar ziren, orain Goizuetan ere egiten duten bezela, baina lan munduaren eta fabriketako ordutegien eraginez, nonbait, aste erditik jaiera pasatu ziren orain urte batzuk. Jende faltan ere izan dira eta, garai ez oso luze batean pasatu bazen ere, iñotiak ospatu gabeko urteak ere bizitu ditu Aranok. Gazteen ahalegina ez zen nolanahikoa izan, galbidean zen ohitura berreskuratu eta berriro jai honi egutegian merezi duen tokia emateko. Galdutako ezaugarrien arrastoak ere izan ziren, ordea, eta horien berreskuratzea batzuetan kasualidadez eman da, eta besteetan berriz, bilaketa eta galdeketa baten ondorioz. Galdeketa baten emaitza izan zen, batere espero ez zela, Aranoko zomorroen jantzi bat galdua genuela deskubritzea. Mairtzeneko Joxe Mari zenari esker jakin genuen, zomorroetan ibiltzen ziren dantzariak blusa zuriarekin eta atzean zinta koloredunak zintzilik zituztela ibiltzen zirela. Geroztik, han eta hemen bilatu eta gero, jende gehiagoren ahotik jaso dugu datu hau, eta Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako Iñauteriei buruzko lan batean ere, halaxe dago bilduta, 1983ko datarekin. Joxe Mari zenak, elkarrizketa berean, Zahagi dantzaren bukaerako martxa, garai batean txistulariek jotzen omen zutena, azken urteetan ez zuela entzun gaineratu zuen nostalgiaz, eta harek kantatuta bilduta dugu, zorionez, martxa horren doinua, azken urteetan Zahagi dantzaren ikuskizunera ekarria izan dena. Egunen batean errekuperatuko dugu plazako iluntzeko dantzaldia bukatzeko abisua ematen omen zuen amezkilla jotzea ere. Egia da iñoti edo karnabalen gisako ohituren jatorria ezagutzea ez dela lan erraxa! Baina Xabier Legarretaren hitzei aipamena eginez (gaurko egunarekin Nafarroako Bertsolari Txapelketan izango da bera, Tafallan): `Mendez mende, gizaldiz gizaldi / gurasuen gurasuen gurasuak / zeukatena maite zutelako / gero zetozenentzako jasuak` izaki kontu bitxi hauek... Gurasoek dakitena kontatzeko borondatea eta ilusioa dituzten bitartean, gazteok ahaleginduko gara, harretaz aditu eta gurea denari eusten, ondorengoek ere gutaz gauza bera esateko modua izan dezaten.
GAURKO EGITARAUA
• Goizeko 8etarako Kontsejun elkartuko dira.
•Baserriz baserri puxkak biltzen ibiliko dira goiz guztian zehar Izer eta Alabier trikitilarien laguntzarekin.
•Eguerdian Herriko San Roke elkartean bazkaria.
•Zahagi dantza eskainiko dute herrian zehar ilundu aurretik.
•Herri afaria izango da, elkartean.
•Afal ondoren, Imuntzo eta Belokirekin dantzaldia.