IA negu osoan lasai eta ixilik mantentzen diren Goizuetako kaleak soinu eta zalaparta alaiz beteko dira aurtengoan ere. Igandean hasi eta hiru egunetan zehar luzatuko dira goizuetarrei hainbeste gustatzen zaizkien egun hauek. Izan ere, izaten da zer ospatu iñoteetan. Protagonismo berexia dute Mozorroek egun hauetan. Beraiek arduratzen dira festa eder hauek antolatzeaz eta, neurri haundi batean, beraiek dira gehien gozatzen dutenak ere. Ekintza nagusia astearte arratsaldeko Zahagi bada ere, ezin ahaztuko dugu eskolako ikasleek igande arratsaldean egiten duten Zahagi Dantza txikia. Ekintza honek ematen die hasiera Goizuetako Mozorroen afariarekin batera.
Astelehen eta asteartean
Mozorroak kalera
Astelehen goizean goiz elkartzen dira Mozorroak Izkiña tabernan hurrengo egunetarako uniformea jantzita. Arropa zuriak, zapela gorria zinta txuri-gorri-berdeekin eta eskarpinak izango dituzte lagun astearte gauera arte.
Goizeko 09:00ak aldera lehenbiziko fandangoa herrian dantzatu ondoren abiatuko da Mozorro taldea egun osoan zehar puska biltzea egingo duten baserrietara. Garai batean talde osoak baserri guztiak bisitatzen bazituen ere, gaur egun bi taldetan banatzen dira, Urumea errekaren alde banatako auzoetara, berriro ilunabarrean Olatxoko zubian elkartzeko.
Egun guztian zehar umorea eta dantza nagusituko dira, horiek baitira Goizuetako iñoteen ezaugarri nagusiak. Ezin konta ahala aldiz dantzatuko dute Mozorroek fandangoa baserriko atarietan. Bildutako puskak jasotzeaz burruntziak arduratuko dira eta korneta soinuek baserritarrei beraien etorreraren berri emango die, baita beste aldeko Mozorroei agurra bidali ere.
Festa, ordea, ez da baserrietara soilik mugatuko. Izan ere, herrian haurrak izango dira protagonista Guraso Elkarteak antolatutako festan. Aurten Olinpiadak gaitzat harturik, hainbat mozorro polit ikusi ahal izango ditugu seguru.
Arratsaldeko 18:30etan esperoan izango dira dultzaineroak herriko sarreran Mozorroei ongietorria emateko. Herritik kalejira egin ondoren merezitako deskantsua hartuko dute gazteek afari eder batekin, eta seguru ausarten batek festa ordu txikiak arte luzatuko duela hurrengo eguna ere potente datorrela jakitun.
Eguzkiak lehen keinuak egin orduko aterako dira berriro ere Mozorroak asteartean kalera. Aurreko eguneko arropak txuritik gutxi izaten dute normalean etxera iritsitakoan, beraz, galtza eta alkandora txuri dotoreenak erakutsiko dituzte egun honetan .Egun berexia baita inauteri asteartea! Garai batean, gaur egungo bestuario aukerarik ez zenean, arropak errekan garbitzen omen zituzten, ondoren herritik hurbil dagoen Cementos Rezola lantegiko motorren ondoan lehortu eta hurrengo egunerako jantzi txukunak izateko. Krisia dela eta, ez al dira aurtengoan horrelako neurriak hartzera iritsiko!
Baserrietan egin bezala, eskea egiten dute Mozorroek herriko etxeetan zehar, trikitixa soinuen erritmora dantzatutako fandangoez alaiturik. Arrasaldean izaten da, ordea, iñoteetako ekintza nagusia: Zahagi dantza. 16 neska-mutilez osatutako mozorro taldea makilak harturik Zahagiari makilka arituko dira herri guztian zehar. Nahiko lan izango du Zomorro beltz honek neskei aurpegia margotzen!
Arropa zuri gorriak mozorro koloretsu eta originalenengandik ordezkatuko dituzte iluntzean. Laguntalde bat baino gehiago karroza eta guzti aterako da eta Goizuetako kaleak kolore biziz margotuko dira
Hilak 28rako ere festa prestatua daukate. Aurreko egunetan egindako gastuak eta bildutako dirua kontatzeko aitzakiarekin bazkari bat egiteko elkartuko dira Mozorroak, Kontuen eguna deitzen zaion honetan.
Ez oraintxekoa da Goizuetan Zahagi dantza egiteko ohitura. Esaten denez, negu osoa mendian lanean ari zen ikazkin bati ardoz betetako zahagia bizkarrean hartu eta aurpegia beltzez zikinduta herrira jeistea gogotu omen zitzaion, dantza pixkat egitera. Ardoaren eraginagatik edo, begiak gorrituta eta balantza eginez dantzatzen omen zuen eta neska politei muxu emateko tentazioari ezin eutsi! Hauek, ordea, ikazkinarekin ikaratuta edo, laisterka ihes egiten zuten. Herriko mutil gazteek, hau ikusirik, makilak hartu eta ikazkina jo egiten zuten. Urte asko pasa dira geroztik, eta oraindik ere inauterietako asteartean `Zahagi dantza` dantzatzen da herriko txoko guztietan barrena trikitixa doinu alaiarekin batera. Egunean zehar hainbat eta hainbat aldiz entzungo dugun doinu honetan, zera esaten omen zuen zahagiak: `Ni ez naiz, ni ez naiz Mozorroa Izanagatik lau begi hatoz hatoz nere ondotikan Etzazula ihesi.` Nor izango ote da zahagiaren ondotik ibiltzeko bezain ausarta?
EGITARAUA
Otsailak 22, igandea
Eguerdian Pilota partiduak
17:00: Gaztetxoen Zahagi Dantza.
19:00: GABEZIN musika taldea plazan.
Otsailak 23, astelehena
08:00: Mozorroen irteera baserrietara.
16:00: Ume eta gurasoen konpartsa eta txokolatada.
18:30: Mozorroak eta dultzaineroak herrian zehar.
19:30: GABEZIN musika taldea plazan.
22:00: Mozorroen afaria.
23:30: GABEZIN musika taldea plazan.
Otsailak 24, asteartea
09:00: Mozorroen gosaria.
10:00: Mozorroen irteera herriko etxeetara.
14:00: Mozorroen bazkaria.
16:30: Zahagi Dantza
20:00: Dantzaldia TZ musika taldearekin plazan.
22:00: Mozorroen afaria.
24:00: Dantzaldia TZ musika taldearekin plazan.
Otsailak 28, larunbata
14:30 Mozorroen bazkaria
20:00: Trikipoteoa, kaleetan zehar.