‘Ajo y agua’

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 13a, 01:00

Aurtengo denboraldian Urumea ibaiak errekorra HAUTSI digu, denboraldi berberan hirutan gainezka egin baitigu Landare Tokiko errugbi zelaietan. Ikusten denez, oraingoan Zubipeko futbol zelaia ere urez estali da eta aurrekoetan beraiek, CDHk, utzi izan dizkigu bere instalazioak errugbizaleak entrenatzeko. Baina gaur, non entrenatu behar dugu igande honetan Vigon jokatu behar dugun Estatuko ohorezko `B` mailako partida prestatzeko? Non entrenatu eta jokatu beharko dute bihar errugbi eskolako eta kadete eta jubenil taldeko 120 haurrek? Amateurrak izanez nahiko lan ematen badigu Senior lehen taldea maila honetan (oraintxe taldeko bigarren postua aurtengo txapelketan) ondo ibiltzeak eta gazte kopuru handi hori ilusioz eta gogoz mantetzeak, gero, noizbehinka (aurtengo denboraldi erdia jadanik) ibaiak horrelako zaplastekoak ematen badizkigu ere, noiz arte eutsi ahal izango diogu egoera honi? Hori bai, guztioi betetzen zaigu ahoa Gipuzkoako kirol maila goraipatzerakoan, batez ere hauteskunde garaietan. Baina benetan, lan eskerga guzti hori kirol komunitatea osatzen dugun Club edo Kirol Talde ezberdinen bizkarrean sostengatzen da. Beraz, noiz ekingo diote benetan Foru Aldundi eta pairatzen ditugun gobernu ezberdinek kirolari, orokorrean, bultzada sendo bat emateari? Ez al dago interesik jendeak kirola egin dezan? Bakarrik kirol mediatikoenak egin ahal izango ditugu? Abiapuntuetako bat, lanean gabiltzan Club edo Kirol Talde guztien azpiegiturak sendotzea dela iruditzen zait, partehartzaileak erakarri eta gustora egon daitezen, bai kirola egiten eta baita kirol gestioan ere, eta ez bakan batzuena soilik behintzat. Ez dut somatu inongo kargu publikorik gai honekin kezkatuta, zuetako norbait? Egungo egoera onartezina eta larria da Talde askoren tzako eta berehalako konponbideak eskatzen ditu, nere uste apalean behintzat.

Joxe Kurutz Elosegi Estebez
Hernani-Club Rugby Elkarteko Senior eta Benjamin taldeen arduraduna

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!