Urumea ibaiak gainezka egin zuen berriz ere, azarotik hona hirugarren aldiz

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 12a, 01:00

URUMEA ibaiko urak atera egin ziren atzo, eta oraingoan arrazoi nagusiak bi izan dira, azken egunetako zaparradak eta mendietako elurra urtutzea. Azarotik hona hirugarren aldia da ibaiak inguruko lurrak eta zelaiak hartzen dituela, eta atzokoan gainera, Gipuzkoan izandako gainontzeko uholdeekin konparatuz, Urumea izan zen arazo gehien sortu zituena.

Urak gaina jo zuen
Añarben Azken egunetan egin duen euriaren ondorioz baita ere, Añarbeko Urtegiko urak gaina jo zuen asteazkenean, 22:40etan. Ordu horretatik aurrera, ura urtegiaren gainetik ateratzen hasi zen. Añarbetik adierazi dutenez, urtegian ura bere onera gaur goizeko 6:00-8:00ak bitartean etorriko dela kalkulatzen dute.

Landare eta Zubipe uretan
Aipatutako arrazoiek behartuta, Urumea ibaiak ez zuen barkatu Landare eta Zubipeko bidean. Atzo goizerako bi zelaiak urez gainezka zeuden. Joxe Elosegi errugbiko arduradunak adierazi zuenez «aurtengo denboraldian Urumea ibaiak errekorra hautsi du, denboraldi berean hirutan egin baitu gainezka». Ricardo Ramos CD Hernaniko presidenteak berriz, kalteen balorazioa egiterako orduan, esan zuen «instalazio guztiak urez gainezka daude, eta zelaiaren egoera ere zein den ezin izango dugu jakin ura joan arte. Printzipioz behintzat asteburu honetan ezingo da partidurik jokatu Zubipen». Partiduez gain, gaurko Futbol Eskolako entrenamenduak ere bertan behera geratu dira.

Errepideak itxita
Uhodeen eraginez baita ere, Udaltzaingoak adierazi zuenez, egun osoan zehar itxita egon zen Floridatik Zubiondo poligonora pasatzeko dagoen tren azpiko zubia. Ostegun goizaldean berriz, Fagollagako bidea itxi behar izan zuten, errepidea urak hartu baitzuen.

Eguraldi ona iragarrita
Euskalmetek iragarri duenaren arabera, egun batzuetan euriak atsedena emango duela dirudi, eguraldi egongokorra iragarri baitute asteartera arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!