hernaniko Udala Larrialdietako Plana berraztertzen ari da, larrialdiei aurre hartzeko neurri batzuk hartu, eta tokatuko balitz, dena prest izateko ahal den neurrian. Larrialdietan, premietako bat izaten da, etxea utzi behar izan duen jendeari aterpea ematea, larrialdia pasa arte. Horregatik, hain zuzen, Udalak hitzarmena egin du herriko eta inguruko hotel eta aterpeekin, behar izanez gero, kaltetuek ostatu hartu ahal izateko.
Lehentasun kontua
Udalaren Babes Zibil Arlotik adierazi dutenez, uholdeak, elurteak edo bestelako larrialdiak tokatuz gero, premia haundienetako bat izaten da, etxetik atera behar izan dutenei aterpea ematea, larrialdia pasa eta etxera itzuli arte.
Ostatu eta hotelak
Arazoari aurre egiteko, Udalak lankidetzea hitzarmena sinatu du herriko eta inguruko ostatu eta hotelekin. Tartean dira Hernaniko Zinkoenea ostatua eta Txintxua hotela; Ergobiako Beizama ostatua; Urnietako Villa de Urnieta ostatua eta Guria ostatua; eta Lasarte eta Donostiako beste lau hotel.
Ostatu eta hotelek honako konpromezua hartu dute: Udalak eskatzen dienean, larrialdi egoera baten ondorioz beren etxeak utzi behar izan dituzten herritarrei aldi baterako ostatua ematea.
Alerta egoera haizearengatik
Bestalde, gaur haizete haundia espero da; duela bi aste ingurukoa bezain gogorra izango ez den arren, 120 km/h haize kolpeak izan daitezke. Horregatik, Udalak zenbait aholku eman ditu: leiho eta balkoietatik haizeak eraman ditzakeen gauzak erretiratu, horiek baitira arazo gehien ematen dituztenak; ate eta leihoak ondo itxi; andamio eta zuhaitzetara ez arrimatu, eta eginez gero, kontu haundiarekin egin; ahal bada, ez atera etxetik, eta ateraz gero, kontu haundiarekin ibili; autoarekin beste hainbeste; ahal bada ez erabili, eta erabiliz gero, kontu haundiarekin ibili. Eta arrriskuren bat ikusiz gero, udaltzainei deitu: 943 248 900 edo SOS Deiak-eko 112 zenbakira. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!