Zergatik bizi zara Bruselan?
Duela ia 28 urte luze, 22 urterekin, errefuxiatu behar izan nuen Iparraldean. Estatu frantsesean 20 urte eman, erdiak kartzelan, eta bigarren kondena betetzean, nire kontrako estradizio eskaerarik ez zegoenez, mugan jarri ninduten frantsesek.
Zorionez, ordurako lortua genuen halakoetan polizia espainolek gu ez torturatzea, eta bi urte eta erdi egon nintzen bizitzen gustura asko nire herrian, Zarautzen. Baina tortura arriskuak hor jarraitzen zuen, eta Iratxe Sorzabali gertatuaren ondoren, (mugan jartzean aske geratu bazen ere, urte eta erdi geroago sekulakoak eta bi egin zizkioten) berriro ere ospa egitea erabaki behar izan nuen.
Geroztik, ia bost urte eta erdi daramatzat Bruselan, eta hemen jarraituko dut, torturaren aurkako lanean ahal dudana ematen.
Zeri buruz hitz egiten duzu
liburuan?
Hasieratik erabaki nuen lanaren helburua ez zela soilik izango torturak eragindako sufrikario guztia jaso eta salatzea. Are garrantzitsuagoa iruditu zitzaidan torturaren kontra egindako lan itzela agertzea (manifestazioak, greba orokorrak, interpelazioak, dinamikak...), eta bereziki lan horrek emandako fruitu ederrak islatzea.
Lanari zentzu baikor hori emanez, askoz ere errazagoa egin zitzaidan egitea. Gainera, nik uste irakurlearentzat askoz ere samurrago eta aberasgarriagoa dela salaketa, eta aldi berean itxaropena jasotzen dituen liburu honen mamira joatea.
Azken hiru hamarkadak urtez urte jorratu ditut, urte bakoitzean, lehenik, urteko gorabeherak jaso ditut atal nagusi batean. Ondoren hiruzpalau artikulu laburretan urtearekin zerikusia duten gai ezberdinak jorratu ditut: datu zehatzak, anekdota ikusgarriak, irabazitako borrokak, nazioarteko erakundeek egindako txostenen mamia...
Zein izan dira irabazitako borroka horiek?
Adibidez, niretzat hain garrantzitsua izan zen garaipen hura; frantsesek mugan jartzen gintuztenean torturarik jasan ez genezan. Gainera, lortu dugu nazioarteko erakundeek gero eta txosten zorrotzagoak egitea, espainiar agintariei inkomunikazioarekin bukatu dezaten eskatuz; Garzonek duela pare bat urte behartua ikusi zuen bere burua prebentzio neurriak agintzen zituen protokolo bat ezartzeko...
Protokolo horretan benetan eraginkorra izan daitekeen neurri bakarra, atxiloketaldi guztia grabatzearena, oraindik ez dute betetzen, horretarako aitzakia itxuragabeak emanez, baina aurrera begira ez dute ihesbiderik. Behartuko ditugu horretara. Bai horixe!
Gasteizko agintariak berdintsu ibili ziren neurri hori ahalik eta gehien atzeratuz. Eta? Azkenean, 2005ean, atxilotu guztiak grabatzea beste erremediorik ez zuten izan; eta geroztik ez da izan Ertzainen kontrako salaketarik komisarietan gertaturiko torturengatik. Horra egindako lanaren fruitu ederra.
Zure liburuak bere lekuan jarriko omen ditu beren burua demokratatzat eta giza eskubideen defendatzailetzat dituzten asko.
Torturaren aurrean itsu, gor eta mutu mantentzen direnak ezin dute inolaz ere esan giza eskubideen alde daudenik. Biktimak gora eta biktimak behera dabiltzan bitartean, hainbeste mila torturatu izan direla ukatzeak, sinesgarritasun oro kentzen die.
Ezikusiarena egiten dutenek torturatzaileek adina ardura dute. Horien guztien isiltasunik eta aterperik gabe ez bailitzateke inolaz ere posible izango `sarea`.
Liburua lau zatitan
•«1978-1987. Tortura masiboa. Tortura kasu asko daude, 5.000 gutxi gora behera. Inkomunikazioa hamar egunekoa zen; markak uzten
zituzten».
•«1988-1997. Tortura ezkutatzea. Bost eguneko inkomunikazioa zegoen. Saiatzen ziren arrastorik ez uzten eta tortura psikologikoa erabiltzen zuten. Tortura ukatzen zuten».
•«1988-2007. Torturaren kontra irabazitako borrokak. Torturaren kontrako lan haundia egin da eta gauzak lortu dira; gero eta zailagoa da torturatzea».
•«2008. Torturaren zuritze lotsagabea. Urte latza. Beraientzat arriskutsua da jendeak gero eta
tortura gutxiago dagoela pentsatzea. Mehatxua mantendu behar dute,
jendea ez lasaitzeko».