emakumeenganako indarkeria salatzeko eta igande goizean erasotu zuten neskari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egin zen atzo udaletxe aurrean. Jendetza bildu zen bertan, gazte eta adineko, alderdi guztietako ordezkariak eta herritarrak, guztiak pankarta bakarraren atzean: Emakumeenganako indarkeriarik ez. Por los buenos tratos aldarrikatuz.
Erasoa salatzeko mozioa
Aste honetako Politika Sozialeko Batzordean, alderdi politiko guztiak ados jarri eta erasoa salatzeko mozioa onartu zuten. Mozioaz gain, atzoko kontzentrazioa deitu zuten eta larunbaterako deitutakoarekin bat egin zuten.
Bortizkeria nork jasan
Udalak onartutako mozioan «gogor» salatzen du igande goizaldeko erasoa, eta elkartasuna adierazi die erasotuari eta bere ingurukoei. Horrez gain, arazoaren errora jotzeko premia azaldu du Udalak, «erasoa gizarteak erabat barneratua duen arazo baten ondorio» dela adierazita. Udalak konpromezua hartu du egoera aldatzen saiatzeko.
Mozioan dioenez, emakumezkoen kontrako indarkeria «kontzientzia kolektiboan sakonki errotuta dagoen jokabide soziokultural batean oinarritua dago»; neska-mutilek desberdin ikasten dituzte rol eta estereotipoak, eta horiek dira, mozioan esaten denez, «bortizkeria nork eragin eta nork jasan» markatzen dutenak.
Konpromezuak
Mozioan, Udalak erabat gaitzetsi ditu honelako erasoak; eta horrelako gertakarien aurrean, egoki erantzuteko baliabideak jartzeko konpromezua hartu du. «Benetako berdintasunaren alde» lanean jarraitzeko asmoa ere adierazi du. Horrez gain, herritarrei dei egin die «egoera hauen aurrean, jarrera aktiboa izateko», eta larunbaterako deitu duten kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu die, arratsaldeko 19:00etan, Plaza Berrin.