ez da gaurkoa euskaldunek beren hizkuntz eskubideak urratuta ikustea. Gainera, kexa adierazteko nora jo ez dakiela geratzen da jendea. Hain zuzen ere, kexa horiek adierazteko, kutxa jarri dute Urbil merkatalgunean. Kexak ordea, ez dute zertan merkatalgunearekin zerikusirik izan; edonolakoak izan daitezke, baina egitasmoaren bultzatzaileek kutxa jartzeko leku egokitzat jo dute Urbil, besteak beste, jende asko ibiltzen delako.
Kexak eta zoriontzeak
Askotan, bero-beroan, kexa jarri nahi izaten da, baina gero epeldu eta noraezean, kexa alde batera uzten da. Horregatik, aukeratu dute Urbil merkatalgunea, jendea asko pasatzen delako bertatik.
Inork kexaren bat adierazi nahiko balu, Urbilera joan, barruko eskailera azpira joan, eta kutxazainen ondoko kutxan orria sartu besterik ez du.
Kexek bere bidea
Kutxan kexak sartu behar dira, baina zoriontzeak ere sartu daitezke, alegia, inork aipatzeko moduko keinurik eginez gero, hori ere aipatu daiteke.
Hizkuntz Eskubideen Behatokia arduratuko da hortik aurrerakoaz; alegia, berak dagokion lekura iritsi araziko du kexa edo dena delakoa, eta aukera emango zaio, urraketa egin duenari, gabezia konpontzeko.
Beste kutxak ere badira
Kutxa hau ez da Usurbilen jarriko duten bakarra, beste lau ere jarriko baitituzte. Usurbil, bertako alkateak prentsaurrekoan adierazi zuenez, UEMAko partaide «fina» da, eta hain zuzen, UEMAk eta Behatokiak elkar lanean egindako egitasmoa da hau. Buzoien egitasmoa martxan da UEMAko 20 herritan eta urriaren hasieratik 50 kexatik gora jaso dira.