Lastaolako zentral zaharra erostea hitzartu du Añarbe Urak enpresak

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 11a, 01:00

AÑARBEKO Urak enpresak hitzarmena sinatu du Lastaolako zentral hidroelektriko zaharra erosteko. Zentrala Urumea ibaian dago, Lastaola eta Ibarluze poligonoen artean, eta Añarbek duen proiekturako gune estrategikoa da hori.

Donostiara ura eramateko alternatiba
Añarbeko Urak-en proiektua da, Donostiara bidaltzen duten urari bide alternatibo bat ematea; eta horretarako, Lastaola zentralaren erosketa aurrerapauso haundia da. Zentralaren eginbeharra izango da, Añarbetik Petritegira doan urari indarra ematea, bertan baitago Donostiara doan ur edangarria tratatzen duen estazioa. Alternatiba honekin, Mankomunitateko 308.000 biztanlek jasoko lukete ura.

Batzar Nagusietan aurkeztu
Donostialdeko proiektu hau Batzar Nagusietan aurkeztea onartu du Añarbeko Urak-eko presidentea den Enrique Noiainek. Bertan aurkeztuko ditu proiektuaren nondik norakoak, tartean honakoak: Proiektuaren aurrekontua 18.791.330,45 eurokoa da eta 25 hilabetetan egin beharko litzateke. Diru kopurua eta denbora kontuan izanda, obra aurrera eraman ahal izateko, Añarbeko Urak-ek erabaki du proiektua finantza enpresen laguntzarekin egitea. Aukeran dauden finantza enpresa horiek lehendik ere Mankomunitatearen proiektuetan parte hartutakoak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!