Kaldereroek herriko kaleak hartu zituzten, eguraldiari desafio eginda

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 9a, 01:00

KALDERERO konpartsa ibili zen larunbat gauean herriko kaleetan barrena. Alerta egoerak eta eguraldiaren iragarpen goibelak ez zituen kaldereroak izutu; eta galako jantziak soinean, eta pandero eta zartaiak eskutan, saltoka atera ziren, txarangak jarritako erritmoa jarraituta. Miraria dirudien arren, kalderero konpartsak iraun zuen bitartean ez zuen tantarik bota. Aurreikusitako kale buelta osoa lasai ederrean egin zuten, eta Plazan, urtero bezala, kanpamendua jarri zuten. Bertan, erregina eta bi damek konpartsan parte hartzera animatu ziren guztiak agurtu zituzten udaletxeko balkoitik. Aurretik herrian barrena hainbat geldialdi egin zituzten, esaterako Zaharren Egoitza parean, Xalaparta elkarte parean eta Oindi taberna parean. Jendeak gustora hartu zituen kaldereroek eskainitako kantu saioak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!