«Barruan dudana ateratzen saiatzen naiz; lan bat hasterakoan ez dakit zer egingo dudan»

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 8a, 01:00

Erakusketan jarritako lan hauetatik asko berriak dira, oraindik erakutsi gabeak. Azken lan txanda hau lehenago egindako lanarekin alderatuta, nabaritu al duzu bilakaerarik?
Bai, erakusketan jarritako lan guztiak, bi eskultura haundienak kenduta, berriak dira. Eskultura mailan adibidez, lehen egiten nituen piezak egonkorragoak ziren, edo masa gehiago zeukaten. Orain, denborarekin, eskulturetan masa hustutzen ari naiz, eta hutsune asko daude. Bestalde denbora daramat aluminioa lantzen, eta dagoeneko eroso sentitzen naiz material horrekin. Lana errazago egiten dut aluminoarekin eta gauza ezberdinak egiteko ere errazago moldatzen naiz.

Aluminioa zure lanaren bereizgarria bihurtu dela esango zenuke?
Hasieran zeramikarekin hasi nintzen, eta oraindik ere jarraitzen dut. Brontzearekin ere aritzen naiz, eta burniarekin ere bai, baina oso gutxi. Ondoren aluminioarekin hasi nintzen eta horrekin jarraitzen dut. Gainera aluminioaren inguruko prozesu guztia Hernanin egiten dut, bai fundizioa, aluminioa margotzeko pintura ere Hernanin egiten da.... Hernaniko ezaugarrietako bat da metalaren inguruko ekonomia oso garrantzitsua izan dela, hasieran burnia erabiltzen zen, armak egiten ziren, anklak,...betidanik egon dira fundizioak Hernanin. Edozein metal lantzeko kriston aukera daukazu Hernanitik mugitu gabe, Hernanin beharrezkoa den guztia dago eskura. Beste herri batean ariko banintz, agian mugitu egin beharko nintzateke, baina Hernanin behar dudana daukat. Eduardo Chillidari antzeko zerbait gertatu zitzaion, ez da kasualitatea Hernanira etortzea: txatarreritan ibiltzen zen, errementariak zeuden, eta oraindik ere badaude.

Badirudi, egin dituzun azken eskultura hauek, lerroz osatuta daudela, egiten dituzun marrazkien antzera...
Betidanik lerro edo marrekin ibili izan naiz. Behin egin nuen erakusketa bat Marra Biluziak izena zuena. Lan guztiak lerroz osatuta zeuden. Eskultura hauek ere lerroz osatuta daude. Lerro horietan saiatzen naiz animaliak, gizakiak sugeritzen. Betidanik egin ditut marrazkiak, baina agian ez ditut erakutsi hainbeste. Azkenean gertatzen dena da, duela bi urte egindako marrazkiak orain eskulturetan ateratzen zaizkidala. Hasieran egindakoa, hasierako ideiak, berriro ere bueltatu egiten dira, konturatu gabe. Egindakoaren prozesua ez da gelditzen, hor ibiltzen da bueltaka.

Formatoari erreparatuta, ohitura badugu aluminiozko eskulturak ikusten, baina alumiozko koadroak ikustea ez da oso ohikoa. Aluminioa lientzo bat izango balitz bezala erabili duzu.
Erakusketan jarritako aluminiozko koadroak txatarreritan lortutako inprentako plakak dira, offset-ekoak. Plakak hartu, pulitu, lijatu eta moztu egiten ditut. Aluminiozko koadro hauek bi multzotan banatuko nituzke. Batzuk oso grafikoak dira, oso linealak, eta oinarrizko hiru kolore erabiltzen ditut: gorria, txuria eta beltza. Gero beste multzo bat dago, kolore gehiago dutenak, eta argi eta itzalak dituztenak. Aluminiozko koadro hauek iaz egiten hasi nintzen, eta saiatu naiz aluminioaren dizdira hori aprobetxatzen, eta horrekin hiru dimentsiotako sentsazioa lortzen.

Formatoa alde batera utzi eta zure lanaren edukiei erreparatuta, animalia eta pertsonak antzeman daitezke zure lanetan. Pentsatu al duzu inoiz nondik nora jo duzun bide horretatik?
Niri iradokitzea gustatzen zait, eta bakoitzari uztea nahi duena ikusten. Beste ezaugarri bat da, nere pertsonen buruek mendien forma dutela, hortaz konturatu naiz. Pentsatzen det egunero Oinddi eta Adarra ikusteak eragina duela, buruek mendi horien forma baitute. Horrelako gauzetaz konturatzen zara egin ondoren. Orokorrean, esango nuke espazioari ez diodala garrantzirik ematen. Eskultura bat egiten duzunean, espazioa beti hor dago noski, inplizitoki, baina nik ez diot garrantzi berezirik ematen. Hori hotza iruditzen zait. Ni saiatzen naiz barruan daukadana ateratzen, gauza bat egiten hasten naizenean ez dakit zer egingo dudan. Ateratzen dijoa eta neretzat jolas bat da. Egia da, forma oso organikoak ateratzen zaizkidala: animaliak, gizakiak, landareak...

Errekonozimendua lortzen ari zarela esango zenuke. Udan, Izura herrian egin zen erakusketa batean gonbidatu berezia izan zinen, esaterako...
Gaur egun artearen munduan alde batetik arte ofiziala esaten zaiona dago. Bertan daude museo haunditan ibiltzen den jendea, Arte Ederrak ikasitakoak, eta abar. Beste alde batetik, daude Zumeta, Jauregi eta horrelako jendea; nolabait esatearren, sustraiak hemen dauzkatenak. Besteak, agian mundu mailan mugitzen dira, eta agian ez dute erakusketarik jarri herri batean, ezta Donostian ere, esate baterako. Arte mundu ez ofizial horren barruan, nabaritzen dut gero eta gehiago estimatzen nautela. Badakit oso zaila dela, aluminioa ez delako orain arte gehiegi landu eta bide berri bat ireki behar delako. Edorta Kortadik, kritiko jesuita batek egindako kritika batean ere esan zuen, surrealismo kutsua ikusten zuela nere lanetan eta Euskal Herri mailan ez dela horretarako joerarik izan. Baina, nabaritzen dut, saltzea kostatzen den arren, zertxobait gehiago saltzen dudala, esate baterako.

Iparraldean dexente mugitu zara, han errekonozimendu gehiago lortu duzula esango zenuke?
Bai. Izurako Udako Erakusketan izen haundiko artistak izan dira, duela bi urte Koldobika Jauregik erakutsi zituen bere lanak eta baita Nestor Basterretxeak ere. Agian izango da, ez nautelako ezagutzen. Hemen Hernanin badaramazkit 15 urte lanean, serioa 4 bat, eta hemen jendeak ezagutu egiten nau, eta pentsatzen du, baina hau nola izango da artista? Kanpoan, ez zaituzte ezagutzen, eta bakarrik baloratzen dute nere lana. Adibidez duela 2 urte Dublinen erakusketa bat jarri genuen, erdigunean dagoen galeria batean, eta bi koadro saldu nituen.

Izurakoaz aparte azkenaldian izan al duzu beste erakusketa garrantzitsurik?
Azkena, hori izan da inportanteena. Web orrialdea ere hor dago (www.aitor-ruiz-de-eguino.com). Web orria neronek osatu det, bai diseinua, bai argazkiak, eta abar. Egiten dudan guztia bertan sartzen dut eta garrantzia ematen diot. Azken finean, jende gehiago pasatzen da web orritik erakusketa batetik baino. Bestela urtero bi edo hiru erakusketa egiten ditut. Aurten Tabakaleran ere udan izan zen erakusketa batean jarri nuen pieza bat, haiek eskatuta. Galeriekin ere zerbait ari naiz, baina merkatu hori justu-justu dabil.

Lau urte dira, zure aurreko lana utzi eta erabat honetan zabiltzala. Ondo al dijoakizu?
Bai, lau urte dira lana utzi nuela. Probatu nahi nuen hontaz bizitzea zer den. Gogorra da, izan ere, ez naiz bizi eskultura hauetatik, bizi naiz zeramikako piezak egitetik, jatetxe, hotel, udaletxe, hotel eta ikastetxeentzako, esate baterako. Denbora gehiago ematen duzu jendearekin gelditzen, eta mugitzen, baina behintzat nik egiten dut prozesu guztia, komertzial lana, piezak egin, fakturak egin, eta hori gustatzen zait. Orain montatu dut izanarte.net delakoa. Galeria moduko bat da. 15 bat artista daude, tartean daude Pello Goello eta Victor Goikoetxea artista hernaniarrak, eta baita, Blami, Judas Arrieta, Keixeta bezalako artista ezagunak. Web orri bat osatu dut, eta nerea saltzen dudanean saiatzen naiz haien lana saltzen, baita ere.

Hamabost urte lanean
Aitor Ruiz de Egino zeramika, eskultura eta pinturaren munduan ibili da azken hamabost urteetan. Hona hemen bere ibilbidea, artistak berak kontatuta:
«Seme bakarra naiz, eta txikitatik egin izan ditut gauzak, egurrarekin esperimentatu, eta abar. Mugitu xamarra izan naiz, betidanik gustatu izan zait marraztea. Aurreneko pausoa 15 bat urterekin eman nuen. Biterin zeramikako kurtsoa  egin nuen eta ordutik iaz arte urtero izan naiz ikastaroan. Denak bezala hasi nintzen, pieza txikiak eginez, beldurrez, baina pixkanaka-pixkanaka sakontzen hasi nintzen, liburuak irakurri, erakusketak ikusi, beste artistekin hitz egin...».
«Pixkanaka kurtsoak egin nituen, espezializatuagoak. Enpresaritza karrera egin ondoren ere kultur alorreko master bat egin nuen, baina azkenean, gehien gustatzen zaidana hau da. Pixkanaka hasi naiz. Nik ez ditut Arte Ederrak ikasi, eta ez det hasieratik garbi izan hau egin nahi nuela, dena prozesu bat izan da , pixkanaka. Eta espero dut bizi osoan irautea».
«Guzti honetan aurkitu det leku bat mugarik ez dagoena. Eta neri hori gustatu egiten zait. Agian norbaiti irudituko zaio hau egitea erokeria dela, baina ateratzen zaidana egiten dut, hau da, gauza normala da neretzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!