udalaren Babes Zibileko Departamenduak badaezpadako zenbait aholku eman ditu, astebururako iragarri duten eguraldi txarrari aurre egiteko.
Eguraldi petrala
Euskalmet eta SOS Deiak-ek egindako iragarpenen arabera, asteburuan denetarik egingo du, edo egin dezake: euria egingo du, tarteka dezente, eta kazkabarra ere egin dezake; elur kota 500 metrora jaitsiko da, baina 200 metrora jaitsi daiteke; haizeak ere joko du, eta tarteka agian gogotik. Panorama ikusita, alerta laranja iragarri dute. Horregatik, Babes Zibiletik gomendatu dute, besteak beste, kontuz ibiltzeko kalera ateratzean eta gidatzeko garaian.
Uholde arriskua
Pronostikoen arabera, datozen egunetan gogotik egingo du euria; horregatik, Udalak badaezpada, honako aholkuak eman ditu: kotxeak eta beste tresnak urak haunditu daitezkeen lekuetan ez utzi; komunikabideetako informazioari kasu egin; ibaia gertu izanez gero, hari erreparatu, eta beharrezkoa bada, Udaltzaingoa jakinaren gainean jarri; harrapatuta geratuz gero, udaltzaingora deitu.
Haizete gogorrak
Haizete indartsuei aurre egiteko, honako aholkuak luzatu ditu: lehio eta balkoietatik, haizeak eraman ditzakeen gauzak erretiratu (lorontziak, esate baterako); etxeko ate eta leihoak ondo itxi; kontuz andamio eta zuhaitz ondotik pasatzerakoan; ez arrimatu edozein lekura haizetik babesteko; ahal bada, ez atera etxetik; kotxea ez erabili, eta beharrezkoa bada, kontu haundiarekin gidatu.
Izozte eta elurte arriskua
Izotza edo elurra tokatuz gero, kasu egin komunikabideetako informazioari; ahal bada, ibilgailurik ez erabili; arropa egokia jantzi; ibilgailua ondo begiratu; eta honakoak eraman: kateak eta pala, telefono mugikorra kargatuta, arropa egokia, eta depositoa ondo betea.
Udaltzainetara deitu
Arrisku egoera ikusiz gero, udaltzainei deitu, 943 248 900 zenbakira, edota SOS Deiak-eko 112 larrialdietarako zenbakira.