Hernani Musika Bandak kontzertua emango du gaur

Kronika - Erredakzioa 2009ko ots. 7a, 01:00

hernani Musika Banda fuerte dabil azkenaldian kontzertuak ematen. Gaur kontzertu bat emango du eta datorren igandean beste bat, baina hura Inauteriei begirakoa. Gaurkoan, sei pieza joko dituzte eta bakarlariak izango dira protagonista. Kontzertua 19:45etan izango da, Milagrosan.

Sei pieza
Gaurko kontzertuan sei pieza joko dituzte, honakoak hain zuzen: Fiesta en la Caleta, La gran vía, Adagio, Virtuosity, Clarinet express eta Roll tide.

Bakarlarien lana azpimarratu behar
Zipri Otxandorena banda zuzendariaren esanetan, gaurko kontzertuan bakarlariak izango dira protagonista. Errepertorioan badaude bi pieza propio bakarlariek bandaren laguntzarekin jotzeko egin direnak. Virtuosity piezan Julio Garcia bakarlaria ariko da tronpeta jotzen. Clarinet express piezan berriz, hiru klarinetejole ariko dira bakarlari lanetan: Roberto Vergara, Josune Aierbe eta Ander Ochoa de Eribe. Fiesta en la Caleta piezan bi saxofoi altuen bakarkako lanak entzungo dira.

Datorren igandean Inauterietako kontzertua
Datorren igandean, hilak 15, beste kontzertua emango du bandak, oraingoan Inauteriei begirakoa; horretarako, Tolosako Inauterietako errepertoriotik hartutako piezak joko dituzte, besteak beste, Praskuarena, Pastelero, Pello Ziri Ziri eta Baratzako Pikuak. Datorren igandeko kontzertua, eguerdiko 13:15etan izango da, Udaletxeko arkupeetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!